Arte garaikidea modu "hurbil eta desberdin batean" erakutsiko du Irekiak Gallery Weekend egitasmoak
Donostiako arte galeriak ezagutzeko bisita gidatuak egingo dituzte, eta Kursaal auditorioaren fatxadan Alba G. Corral artistaren pieza abstraktu bat proiektatuko dute.
Lau egunez, ostegunetik igandera bitarte, hiriko arte galeriek euren ateak zabalduko dituzte hiritarrak arte garaikidera gerturatzeko. Hori da, hain zuzen ere, Irekiak Gallery Weekend egitasmoaren helburua. Iaz egin zuten lehen aldiz, eta aurten ere formula bera erabiliko dute, galeriek kultura sortu eta sustatzeko espazio moduan erakutsiz. Altxerri, Arteko, Arteztu, Cibrian eta Ekain arte galeriek parte hartuko dute, eta sei erakusketa eskainiko dituzte.
Hiru orduko ibilaldiak antolatu dituzte galeria guztiak bisitatu eta ezagutzeko. Doako bisita gidatuak izango dira. Horretarako, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea, lekuak mugatuak baitira. Horrez gain, erakusketak lasai eta libreki gozatu nahi dituzten lagunentzako ere topaketak antolatu dituzte ostiral, larunbat eta igandean, eta jarduera gehiago egingo dituzte. Ikus egitarau osoa hemen.
Bestalde, Kursaal kongresu jauregiaren fatxadan Alba G. Corral artistaren Entremaliat instalazioa aurkeztuko dute, eta han bertan proiektatuko dute. Ostegun gauean proiektatuko dute lehen aldiz, 20:00etan, eta egunero proiektatuko dute, ordu berean. Tabakaleraren ekimenez sortu dute proiektua, eta Tabakaleran bertan ere Vive le cinéma! eta Gerundi circular erakusketak ere ikusgai egongo dira.