Gabonetako argiak abenduaren 2an piztuko dituzte, aurreikusitakoa baino beranduago
Donostiako Udalak aurreikusitakoa baino beranduago piztuko ditu aurten Gabonetako argiak. Udaleko iturrien arabera, abenduaren 2an piztuko dituzte argiak, eta ordutegia murriztuko dute.
Eneko Goiari Gabonetako argien inguruan galdegin diote gaur Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan, eta Goiak berak aurreratu du udalaren erabakia: “Bizi dugun testuinguru honi dagokion murrizketa egingo dugu. Argiak beranduago piztuko dira, kontsumoa kontrolatzeko”. Hiritarrentzat eredugarri izan nahi duen neurri “pedagogikoa” izango dela gaineratu dute udaleko iturriek.
Bilbo eta Gasteiz hiriburuekin alderatuta, Donostiak gehiago gastatzen du Gabonetako argietan. Zehazki, 410.000 milioi eurokoa da argien kostua. Horrela ere, hiriburuen arteko konparaketa hori ez dela “zuzena” esan du Goiak: “Hiriburu bakoitzak Gabonetan egiten dituen inbertsioak eta azoken ezaugarriak desberdinak dira”.
Kontsumoari dagokionez, argiztapenaren instalazioa eta horien erabilera bereizi nahi izan ditu alkateak: “Kontsumoa gutxitzea da asmoa, baina egia da ere LED teknologiarekin kontsumo hori ez dela duela hamar edo hogei urte zena bezain handia”.