Garraio publikoa digitalizatzeko prozesuak aurrera jarraitzen du
Urtebetez proiektuan lanean aritu ondoren, Innobus-Tur proiektuan parte hartzen duten lau hirietako ordezkariek bilera egin dute gaur Donostian, egiten ari diren jardueren aurrerapenak aztertzeko.
Garraio publikoa digitalizatzeko proiektu bat da, eta Donostia (Dbus), Kanaria Handiko Las Palmas (Guaguas Municipales), Malaga (EMTSAM) eta Palma (EMT PALMA) hiriek parte hartzen dute, udalerrien arteko elkarte baten bitartez. Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Ingurumen Ministerioak (MITMA) finantzatzen du “Innobus-Tur” proiektua, Next Generation Europako funtsen bidez.
Innobus-Tur proiektuaren helburua da autobus zerbitzua eta haren intermodalitatea hobetzeko jarduera berritzaileak eta errepikagarriak garatzea, prozesuak eta zerbitzuak digitalizatuz eta sentsorizatuz. 26,3 milioi euroko aurrekontua du, eta 36 hilabeteko epean gauzatu behar da. Programa 2024ko ekainean amaitzea aurreikusten da.
Udalaren arabera, proiektua bide onetik doa, eta ezarritako mugarriak eta helburuak betetzen ari da, baita aurreikuspenak hobetzen ere. Hauek dira lau hirietan egiten ari diren jarduerak:
- Ordaintzeko bitartekoak digitalizatzea eta eskudirutan egiten diren ordainketak murriztea.
- Lan harremanak digitalizatzea.
- Komunikazio eta informazio sistemak digitalizatzea.
- Markesina adimendunak.
- Tailerreko jarduerak eta jarduera osagarriak digitalizatzea, flota jasangarria izan dadin.
- Autobusek bat ez egiteko eta modu efizientean gidatzeko sistema.
- Edukierak kontrolatzeko eta jatorria-helmuga matrizeak estimazio algoritmo bidez kalkulatzeko sistema.
- Autobusak sentsorizatzeko eta monitorizatzeko sistemak (arrapala adimendunak, bidaiarien zenbaketa, pneumatikoen presioa, aire girotua).
- Eskaripeko iragarpenak egiteko eta geltokiak sentsorizatzeko sistemak, denbora errealeko informazioarekin.
- Giza baliabideak eta material mugikorra optimizatzeko plangintza sistema adituak.