Juan Mari Arzak Basque Culinary Centerreko ohorezko patronatukide izendatu dute
Juan Mari Arzak Basque Culinary Centerreko ohorezko patronatukide izendatu dute Euskal Gastronomiaren Topaketan. Donostiako sukaldariari omenaldia egin diote Basque Culinary Centerren egindako ekarpena eskertzeko. Hala, patronatuak Juan Mari Arzakek erakundearen sorreran izan zuen funtsezko papera aitortu du, eta ohorezko patronatukide izendatu du.
Juan Mari Arzak Basque Culinary Center sustatu zuen taldeko kide izan zen. Gastronomia 360º izeneko ikuspegiarekin, gastronomia balio-katetzat hartzen duen ikuspegiarekin, Basque Culinary Center “erreferentziazko zentro” bilakatu dela adierazi du erakundeak. Egun, Gastronomia Zientzien Fakultateak gradu bat, hamar master, doktorego programa bat, profesionalentzako ikastaro ugari eta espezializazio ikastaroak ditu. Basque Culinary Centerren 40 nazionalitate arteko ikasleak biltzen dira. Horrez gain, BCC Innovation Gastronomian espezializatutako zentro teknologikoa sortu da.
Agintarien hitz hartzearen ondoren, 40 ikasle baino gehiago egon dira Arzakekin agertokian, eta ohorezko patronatukide gisa akreditatzen duen oroigarria eman diote. “Sinbolismoz betetako” une horretan, sukaldari berriek eskerrak eman dizkiote Arzaki bere ondarea partekatzeko izan duen inplikazio eta eskuzabaltasunagatik. Bigarren aldia da norbaitek izendapen hori jasotzen duela (2012ean Luis Irizar izendatu zuten ohorezko patronatukide), baina lehenengo aldia da patrono sortzaile batek horrelako izendapena jasotzen duela. Omenaldian patronatukide hauek izan dira: Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak, Martin Berasategi, Diego Guerrero eta Pedro Subijana.
Mikel Urdangarinek emanaldi hunkigarri bat eskaini du ekitaldiaren amaieran.