Kote Cabezudok espetxean jarraituko du
Kote Cabezudori behin-behineko espetxealdia ezarri dio Gipuzkoako Auzitegiak, Fiskaltzak eta akusazio partikularrak joan den astean eskatu zuten moduan. Cabezudori 28 urteko eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten ekainean, haren aurkako auzi nagusian, bortxaketa delitu batengatik, sexu abusuen beste batengatik, haur pornografiako sei deliturengatik eta iruzurreko bi deliturengatik; ordea, 217 deliturengatik absolbitu zuten.
2018tik, Martuteneko espetxean dago Cabezudo, haren aurkako auzi txikiagoengatik ezarritako hainbat zigor betetzen. Aldiz, ekaineko zigorrari helegitea aurkeztu diote Espainiako Auzitegi Gorenean akusazio partikularrak (zigorra handitzeko) eta defentsak (absoluzioa eskatzeko), eta, beraz, oraindik ez da behin betikoa. Horregatik, aukera zegoen Cabezudo laster aske gelditzeko edo baimenak eskatzen hasteko, aipatu zigor txikiak betetzen dituenean edo betetzear denean. Ordea, auzitegiak behin-behineko espetxealdia ezarri dionez auzi nagusiarengatik, ez da aske geldituko.
Joan den asteko bistan, akusazio partikularrak eta Fiskaltzak eskatu zuten Cabezudo kartzelan mantentzeko, argudiatuta aske geldituz gero ihes egin dezakeela eta biktimen irudiak berriz ere sarean zabaldu ditzakeela. Defentsak baztertu egin zituen bi argudio horiek, baina auzitegiak ontzat jo ditu, eta horretan oinarrituta ezarri dio behin-behineko espetxealdia Cabezudori. Horrela, ehienez, auzitegiak gehienezko hamar urteko behin-behineko espetxealdia ezarri dio; lau urte beteta ditu, eta, beraz, sei gehiago pasatu ditzake egoera horretan, edo Gorenak helegiteak argitu arte.
Cabezudo kasua
1990eko hamarkadatik, argazkilari ezaguna zen Cabezudo Donostian. 2013ko urtarrilean jarri zuten haren aurkako lehenengo salaketa: argazkiak egin zizkion emakume batek salatu zuen orduan, iruzurra, sekretuak agerraraztea eta irain egitea leporatuta. Pixkanaka, halako salaketa gehiago jartzen eta biktima gehiago azaleratzen hasi ziren. 2018ko udaberrian oraindik kalean zegoen, nahiz eta ordurako dagoeneko bederatzi aldiz hartu zion deklarazioa epaileak. Epailea aldatu zutenean sartu zuten espetxera, 2018ko maiatzean. Urteotan, hainbat zigor txiki jaso ditu Cabezudok, besteak beste, salatzaileetako batzuen argazkiak Internetetik ez kentzeagatik, epaileak hala agindu ondoren. Ekainean, aipatu moduan, auzi nagusiarengatik zigortu zuten.