Nabarmen igo dute Pasealeku Berriko mendi magala egonkortzeko lanen aurrekontua
Donostiako Udalak apirilean onartu zuen Pasealeku Berriko magala egonkortzeko hasierako proiektua. 448.454 euroko aurrekontua ezarri zuten, baina ezin izan zuten adjudikatu lan horiek prezio horretan egiteko enpresarik aurkeztu ez zelako. Horiek horrela, udalak aurrekontua garestitzea erabaki du, obra proiektua idatzi duen Landabe Ingeniaria SL enpresaren eskaera aintzat hartuta. 731.674 euroko aurrekontua onartu dute; %38,7 igo dute.
Egin beharreko lanei dagokienez, lehenik eremuko farolak erretiratuko dituzte, eta hormaren ondoko kanalizazio elektrikoa desbideratuko dute. Lan horiek bukatzean, mendi magaletik eroritako arroka zatiak kenduko dituzte, eta magaleko ezpondak konpondu zein indartuko dituzte. Behin jarduketa horiek bukatuta, mendi magala bere horretan egonkortuko dute. Horrekin batera, sare bat jarriko dute eror daitezkeen harri pusketak saihesteko.