Nazioarteko Tinatxo estropada egingo dute Donostiako kaian
Euskal Itsas Museoak antolatu du proba, desagertzen ari den arraun modalitate historikoa berreskuratzeko asmoz.
Tina txiki batean arraun egin eta lehian aritu nahi dutenek aukera ederra izango dute larunbatean, Donostiako kaian. Goizeko hamarretan III. Nazioarteko Tinatxo Estropada egingo dute. Gure kostaldean desagertzen ari den tradizioa berreskuratu nahi du Euskal Itsas Museoak. Egurrez egindako tina txikietan egingo dute arraun parte hartzaileek. Estropadak lau txanda izango ditu, eta txanda bakoitzean sei pertsonak parte hartuko dute. Txanda bakoitzeko onenek finalak jokatu ondoren, epaimahaiak irabazleak izendatuko ditu.
Txapelketa hau ekitaldi ludiko bat dela azpimarratu dute, eta 16 urtetik gorako pertsona guztiek eman dezakete izena estropadan, 3 euroren truk, Euskal Itsas Museoaren webgunean.