43 urte Tomas Alba hil zutenetik
Gaurko egunez, duela 43 urte (1979ko irailaren 28an), Batallon Vasco Español talde armatu ultraeskuindarrak Tomas Alba Irazusta (Donostia, 1937 – Astigarraga, 1979) Donostiako Udaleko Herri Batasunako zinegotzia erail zuen. Udaleko lehenengo zinegotzi eraila izan zen, eta, 2005etik, haren omenezko plaka bat dago udaletxearen barruan. Bestalde, 2014an, bere izena jarri zioten Sagueseko plazari.
Astigarrakoa zen Alba, eta, hain zuzen ere, Astigarraga Donostiatik desanexionatzea defendatuz sartu zen udalean, 1979ko udal hauteskundeen ondoren. Ordea, ezin izan zuen Astigarraga herri independente gisa ikusi, desanexioaren aurretik hil baitzuten. Udalean sartu eta bost hilabetera hil zuten, 1979ko irailaren 28an, ehiza eskopeta batekin tiro eginez. Astigarragako Kako sagardotegian afaldu ostean, bere autoa hartzera zihoala, bi pertsona hurbildu zitzaizkion eta hil egin zuten.
▶️1979-9-28#GaurkoEgunez duela 4⃣3⃣ urte Donostiako zinegotzi Tomas Alba Irazusta tiroz hil zuen BVE taldeak atentatu batean #Astigarraga n pic.twitter.com/RGaUd63tLk
— Euskal Memoria (@EuskalMemoria) September 28, 2022
Hasieran, Grupos Armados Españoles (GAE) talde ultraeskuindarrak eta bere burua ETA militarreko bozeramaile gisa identifikatu zuen pertsona batek aldarrikatu zuten atentatua. Eragile batzuek zilegitasuna eman zioten erailketa ETAk egindakoa izateari, bi hilabete lehenago HBrekin desberdintasunak izan zituelako Albak, Donostia 1982ko munduko futbol txapelketako egoitzetako bat izateko aukeraren harira.
Bai HBk eta bai ETA militarrak, ordea, bertsio hori ukatu zuten, eta erailketa Espainiako Estatuko gerra zikinari egotzi zioten. Hain zuzen ere, Alba Batallon Vasco Españoleko (BVE) bi kidek hil zutela frogatu zen gerora: Ignacio Iturbide Piti-k eta Ladislao Zabalak.
1981ean atxilotu zituzten, Xabier Ansa HBko militantea hil eta hurrengo egunean. 1985ean epaitu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta ezker abertzalearen inguruko zazpi pertsonen erailketak onartu zituzten, tartean Albarena. 231 urteko kartzela zigorra ezarri zieten biei, baina hamar urte pasatxo baino ez zituzten bete. Iturbide 2013an hil zen Bilbon eta Zabala 2015ean Madrilen.