918 abonamendu lortu ditu Bera Berak denboraldi berrirako
Bera Berak 2022-2023 denboraldirako abonatuen kanpainari errekor berri batekin eman dio amaiera, izan ere, 918 abonamendu egin dira, iazko ikasturtearekin alderatuta ia %15 gehiago, hain zuzen.
Tati Garmendia arduraduna “pozik” agertu da jasotako erantzunagatik, eta hainbat amu antzematen ditu gorakadarako. Batetik, “Erreginaren Kopak, llunben, gure kirolera gertuarazi zuen jendea, familiak batez ere” eta, bestetik, lehendik abonatuak zirenak “asko inplikatu dira, gertuko jendea Bera Berara erakartzen”. Alta berrien artean, aipatzekoa da hemezortzi abonamendu familiar berri egin direla, eskubaloia familiarekin gozatzeko aukera ederra dela berretsiz.
Kanpaina amaitu bada ere, oraindik abonamendua lortzeko aukera dago, etxean bi jardunaldi bestetik ez direlako jokatu. Hurrengo partida Josean Gascan urriaren 5ean izango da (asteazkena, 19:00etan). Bera Berak Gijon taldea hartuko du, urriaren 8an Europan debutatuko duena.