'Feel like a donostiarra', udazkenean turismoa erakartzeko kanpaina berria abiatu dute
Donostia Turismoa lanean ari da hiria “kalitateko helmuga jasangarri gisa” promozionatzeko, arreta berezia jarrita gure kulturan, gastronomian, naturan eta tokiko plan jasangarrietan, besteak beste. Era berean, desestazionalizazioaren aldeko apustua ere egin du eta, horretarako, urrian eta azaroan zehar, turismo gutxien duten hilabeteak izanda, Feel like a donostiarra ikus entzunezko kanpaina abiaraziko du, Donostia bisitatzen dutenei hiria bertakoak balira bezala bizitzeko gonbidapena luzatuz.
Cristina Lage Donostiako Turismo Jasangarriko zinegotziaren arabera, helburuetako bat da bisitatzen gaituztenek “donostiarrak balira bezala” jardutea Donostian, “bertako ohiturak eta tradizioak ezagutuz eta hiriko eguneroko bizitzan parte hartuz, eguneroko lan arruntak errespetuz eta Donostia modurik naturalean arakatuz”.
Kanpaina publiko estrategiko batentzat egin da, bereziki Espainia, Frantzia eta Erresuma Batuko bisitarientzat. “Lehentasuna eman diegu hiria bisitatzeko interesa agertu duten eta ongi konektatuta dauden hiriei”, azaldu dute. Horrez gain, turisten profil berriak bilatzen dira, hots, bizitza osasuntsua, bidaiak, gastronomia, ingurumena eta jasangarritasuna maite dituzten bisitariak, batez ere, 25 eta 55 urte artekoak.
Kanpaina google ads, social ads eta posta elektronikoz egindako marketin bidez ezagutaraziko da, eta, horrez gain, jasangarritasunarekin eta irisgarritasunarekin lotutako profila duten Espainiako, Frantziako eta Erresuma Batuko influencerren laguntza ere izango du, hiria “modu jasangarrian bisitatuz” izandako esperientzia erakutsiko baitute.
Halaber, hasierako orri bat sortu dute Donostia Turismoaren webgunean: www.sansebastianturismoa.eus/plan-jasangarriak. Bertan, hirian eta lurralde osoan egiteko hainbat plan jasangarri aurkitu ahalko dira.