Light art instalazioak, musika eta bideo artea ekarriko ditu Argiartean jaialdiak
Donostia Kulturak antolatuta, urriaren 7tik 9ra, askotariko jarduerez jositako egitarau oparoa izango da Loiolako Erriberako Oroimenaren Lorategian eta Iesu elizan.
Hainbat diziplinatako artisten lan esperimentalak bultzatu eta erakusten ditu Argiartean jaialdiak. Light art instalazioak, proiekzio monumentalak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Loiolako Erriberan urriaren 7tik 9ra. Oroimenaren Lorategian eta Iesu elizan hainbat sorkuntza ikusi ahal izango dituzte hiritarrek: fatxaden gaineko proiekzioak, zuzeneko emanaldiak, musika, bideo artea, poesia…
Gainera, Animadeba jaialdiaren eskutik eta Euskal Herriko animazioaren 50. urtemuga ospatzeko ekitaldien barruan, 1970 eta 2020 urteen artean egindako animazio esperimentaleko filmen sorta bat proiektatuko da. Horretarako Zinetxita erabiliko dute, kargo-bike baten gainean erabilitako zinema ibiltaria.
Hainbat artistak parte hartuko dute jaialdian: Manu Muniategiandikoetxea, Rebeka Elizegi, Jacek Markusiewicz eta Ander Gortazar, Jon Begiristain, Diego Sologuren, Monika Aranda, Xabier Lozano, Jose Zugasti, Paul Friedlander, Puy Barral, Garazi Navas, Garazi Gorostiaga, Jaime Tellado eta Gari Artolak, besteak beste.