Txuri Urdinen zuzendaritza berriak bereziki emakumeen artean sustatu nahi du izotz hockeya
Txuri Urdinek denboraldiaren aurkezpena egin du izotz jauregian, eta klubaren ardura hartu berri duen zuzendaritzak bere erronken eta helburuen berri eman du.
Txuri Urdinek zuzendaritza berria du, eta “ilusio eta gogo handiz” abiatu du bere ibilbidea. Hala nabarmendu du Jose Angel Senra presidenteak asteazken goizean, denboraldia aurkezteko izotz jauregian egin duten prentsaurrekoan. Erronka argi bat dutela nabarmendu du: “Haurrak eta gazteak izotz hockeyra erakarri nahi ditugu, bereziki neskak. Klubeko kategoria guztiak aintzat hartuta, jokalarien %50a, gutxienez, neskak izatea nahi dugu”. Roman Ximenez beheko kategorien arduradunak gaineratu duenez, gaur egun, jokalarien %10a inguru dira neskak, eta 11 urtetik beherakoen kategoriako datuak jarri ditu adibidetzat: “24 jokalari daude, eta bost neskak dira”.
Oraindik ere neskak mutilak baino askoz gutxiago badira ere, gizartean ematen ari diren aldaketei esker, egoera aldatzen ari dela nabarmendu du Irene Senacek, emakumeen senior taldeko entrenatzaileak: “Nire belaunaldian, askoz gutxiago ginen, beraz, hobetzen ari gara, nahiz eta nahiko genukeena baino mantsoago ematen ari den aldaketa”. Gaineratu duenez, kirol minoritarioa izateak “oztopoak” sortzen baditu ere, emakumeen kasuan, oztopoak “handiagoak” dira: “Ezin zara hockeytik bizi”.
Senrak azaldu du lortu nahi dutela izotz hockeya haurrentzako kirol aukera bat gehiago izatea, eta gurasoak animatu ditu haurrak izotz hockeyan apuntatzera. Ildo horretatik, aitortu du “erakundeak gero eta gehiago sustatzen” ari direla izotz hockeya.
Aurreko zuzendaritzatik jasotako “herentziari” dagokionez, egoera ekonomikoa “zaila” dela deitoratu du presidenteak: “Zorrei aurre egin behar diegu, babesleekin ditugun konpromisoak bete behar ditugu, eta abar. Zentzu horretan, aldundia asko laguntzen ari da”. Kirol arloari buruz, deitoratu du azken urteotan Txuri Urdineko jokalari askok alde egin dutela: “Jokalariak desagertzen joan dira, ez zaielako jarraitzera animatu eta ez zaizkielako erraztasunak eman garatzen jarraitzeko. Fokua atzerriko jokalariak ekartzean jarri da, irabazi diren ligak irabazteko. Guretzat funtsezkoa da jokalari gazteak erakartzea eta jokalari horiek klubean mantentzea eta garatzea”. Gehitu duenez, “bizpahiru urte” beharko dituzte kluba egoera on batean egoteko.
Anbizio handiko helburuak
Kirol arloan, hasi berri den denboraldian dituzten helburuei buruz mintzatu dira Senac eta Ximenez (beheko kategorien arduraduna izateaz gain, gizonen senior taldeko entrenatzaile laguntzailea). Senacek azaldu du “talde gaztea” dutela aurten, baina “ilusio handiz” hasi dutela denboraldia, eta iaz lortutakoa “berdintzeko” helburua dutela; hain zuzen ere, Liga eta Kopa irabazi zituzten iaz.
Ximenezek, bere aldetik, azaldu du taldearen bi heren inguru beteranoek osatzen dutela, eta beste erdia etxeko jokalari gazteek. Era berean, atzerriko pare bat jokalari on dituztela nabarmendu du, eta lehenengo lauen artean egoteko helburua dutela, kanporaketan sartzeko. “Hortik aurrera, ikusiko dugu”, gaineratu du. Hala ere, aitortu du “taktikoki gabeziak” dituztela, eta zentzu horretan hobetzeko erronka dutela nabarmendu du.
Bestalde, larunbatean, urriaren 1ean, denboraldiaren aurkezpen handia egingo dute, kategoria guztietako jokalariak aurkeztuz, izotz jauregian bertan. Nahi duen oro joan daiteke aurkezpenera, eta luntxa egongo da, besteak beste.