'Zulora'-ren lehen saioa kalean da: klima larrialdia gazteen ahotan
Hiru Damatxo donostiarrek Gaztea irratirako ekoiztutako Zulora programa bueltan da gaurtik aurrera. Ane Zuazubiskar kazetariak aurkeztuko du oraingo hori ere, sei atal izango ditu, eta bi astean behin argitaratuko dituzte Gaztearen Youtubeko kanalean eta sareetan.
Klima larrialdia izan dute hizpide lehen saioan eta galdera mardulei erantzuten aritu dira Gorka Laurnaga, Anne Rodriguez eta Mikel Izurieta ekintzaile ekologista gazteak. “Nola aldatu behar dira gure gizarteak etorkizunean ere mundu bizigarri bat izan dezagun? Gurea da ardura? Badago egoera hobetzerik, errotiko aldaketarik gabe?”.
Gazteei emandako ahotsa baino zerbait gehiago da Gaztea irratiaren Zulora saio hori, Ane Zuazubiskar aurkezleak azaldu duenez: “Lehen denboraldian ikusi genuen gazteei ahotsa ematea baino gehiago, gazteek gazteei ahotsa ematea izan zela gakoa. Parez pareko horretan uste dut asmatu genuela, edo behintzat espazio hori sortu genuela: lasai, gustura, konfiantzaz eta guretik aritzeko espazio bat. ‘Gazteei ahotsa eman behar diegu’ esaten da askotan, baina goitik beherako ariketa bat izan ordez, parez pareko ariketa bat izan da gurea”.