Arantza Santestebanen '918 gau' filma ostiralean estreinatuko dute zinema aretoetan
Nazioarteko zinema jaialdietan hainbat sari irabazi ostean, Arantza Santesteban zinemagilearen 918 gau filma ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan, hilaren 30ean. Donostiako zinema aretoetan, momentuz, ez dago iragarrita, baina bai Errenteriako (Gipuzkoa) Niessen zinema aretoan.
Lanak honako sari hauek eskuratu ditu: DocLisboako Nazioarteko Saileko Film Onenaren saria, Torino Film Festivaleko Nazioarteko Dokumental Onenaren saria, Pontevedrako Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdiko Latexos saria eta Nafarroako 16. Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian publikoaren sari berezia eta epaimahaiaren aipamen berezia. Bestalde, L’Alternativa Bartzelonako Cinema Independent Jaialdian ere parte hartu du. Santesteban nafarra da (Iruñea, 1979), baina Donostian bizi da.
2007ko urrian, Santesteban atxilotu egin zuten, eta ia hiru urte igaro zituen espetxealdi prebentiboan. Ezker abertzaleko Batasuna alderdia legez kanpo utzi zuten Espainiako Auzitegiek garai hartan, eta Santesteban alderdiko kide zen. Horrela, espetxean pasatutako 918 gau horietako bizipenen ingurukoa da 918 gau.