Lau tasa igo eta zerga bat aldatuko ditu udalak
Donostiako Udalbatzak 2023ko udal zerga arauak onartu ditu gaurko osoko bilkuran. Udal zerga eta tasa gehienak bere horretan mantenduko direla adierazi du Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Kerman Orbegozok, eta gaineratu du helburua ekonomia suspertzen jarraitzea dela.
Lau tasa igo eta zerga bat aldatzea adostu dute. Zergari dagokionez, udal gobernuak eta EH Bilduk adostu dute energia berriztagarriak erabiltzen dituzten etxebizitzek Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ) jasotzen duten hobaria %10 izatetik %35 izatera pasatzeko. Era berean, erabaki dute neurri horretaz baliatu ahal izango direla gehienez 350.000 euroko katastro balioa duten etxebizitzak. Egun, gehienez 250.000 euroko katastro balioa duten etxebizitzek soilik jaso zezaketen hobari hori. Bestalde, OHZ %1,5 igotzea adostu dute.
Tasen kasuan, lau dira 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera %1,5 igoko direnak: hondakinen bilketa, TAO, garabia eta jabari publikoaren okupazioa.
Aldaketa hauekin udalak 1,15 milioi euro gehiagoko diru sarrerak izatea aurreikusten du.