Material berrerabiliekin eginiko jolasteko guneak ikusgai, Kristinaeneako erakusketa berrian
Basuramak, kulturaren eta ingurumenaren ikerketan diharduen kolektiboak, Zaborra ez da existitzen erakusketa zabaldu du Kristinaeneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Kontsumitzen dugunari buruzko hausnarketa bultzatzea da erakusketaren helburua, eta, horretarako, ikus-entzunezko materiala eta instalazio fisikoak erabili dituzte. Erakusketa abenduaren 11ra arte egongo da ikusgai.
Erakusketaren izenburua “probokazio bat da, gure kontsumo eta hondakin ereduari buruzko hausnarketarako gonbidapena”, azaldu du Ruben Lorenzok, Basuramako kideak, eta gogorarazi du zaborra ez da existitzen esaldia ez dela eurena, baizik eta agente birziklatzaileekin eta txatarreroekin lan eginez ikasi dutela. Horiek diotenez, ez dute hondakinekin lan egiten, lehengaiekin baizik. “Basuraman gizarteak botatzen dituen hondakinekin ere egiten dugu lan, eta, garbitu eta tratatu ondoren, lehengai bihurtzen ditugu, gure ingurunea eta gure espazioak eraldatzeko. Erakusketa hau horren froga da”, adierazi du Lorenzok.
Hiru gune
Zaborra ez da existitzen erakusketak Ingurumen Baliabideen Etxeko hiru areto hartzen ditu. Lehenengoak hainbat bideo-instalazio erakusten ditu, eta txatar-biltzaileen eta birziklatzaileen garrantzia balioesten da. Lurraldeko zabortegien errepasoa ere egiten da bertan. Horrez gain, jauregiko goiko bi aretoetan, Basuramak Espainiako, Afrikako edota Brasileko hainbat komunitaterekin eta ikastetxerekin eginiko lanen adibideak ikus daitezke, besteak beste, material eta elementu berrerabiliekin eginiko parkeak eta jolas eta topaketa guneak, bai eta pneumatikoekin eta zuhaitzen egurrezko tutoreekin eginiko bi jolas-irla ere, dena material berrerabiliekin egina. Bertaratzen diren haurrek eta gazteek jolastu ahal izango dute bertan.