Haizea Garairen dimisioa onartu du udalbatzarrak
Ofiziala da dagoeneko Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziaren dimisioa. Hilabetearen hasieran eman zuen dimisioa Garaik, udal taldeko bozeramaile Aitzole Aranetak hainbat aldiz “hitzez eta fisikoki jazarri” zuela salatuz. Gero, Aranetak ukatu egin zituen akusazio horiek. Gaur, hilaren 29an, iraileko ohiko udalbatzarra egiten ari dira udaletxean, eta dimisioa ofizial egin dute, udalbatzarrak onartuta. Ordea, Garai ez da udalbatzarrean egon; dimisioaren puntua jorratu dutenean, Araneta zen udal batzar aretoan zegoen Elkarrekin Donostiako zinegotzi bakarra. Orain, udal taldeak Garairen ordezko zinegotzi bat izendatu beharko du.
Elkarrekin Donostia koalizioa Ahal Dugu eta Ezker Anitza alderdiek osatzen dute, eta, hain zuzen ere, Garai Ezker Anitzako kide da, eta Araneta Ahal Dugukoa da. Udal taldeko hirugarren zinegotzia Marta Huarte da, bera ere Ahal Dugukoa. Koalizioaren barruan hainbat desadostasun izan dira azken legealdian, baina Garairen kasua da larriena. Desadostasun esanguratsuena udal aurrekontuen harira gertatutakoa izan zen, Ahal Duguko bi zinegotziek udal gobernuaren aurrekontuak babestu baitzituzten iaz, baina Garaik ez.
Tramite bat baino ez zen udalbatzarrak dimisioa onartzearena, eta, beraz, EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko eta Elkarrekin Donostiako bozeramaileek ez dute hitza hartu. Bai, ordea, Borja Corominas PPren bozeramaileak: “Beste edozein zinegotzi joaten denean egiten dudan moduan, hitz batzuk esan nahi nituzke Haizeari buruz. Zaila da Haizeak eta biok genituenak baino jarrera ideologiko desberdinagoak izatea. Hala eta guztiz ere, edo agian horri esker, urteotan harreman pertsonal ona izan dugu. Beti miretsi izan dut bere ideiekiko konpromiso nekaezina, nahiz eta oker egon, eta etika profesionala, ondo egindako lanarekiko konpromisoa. Bidezkoa da esatea udalak zinegotzi handi bat galtzen duela eta faltan botako dugula”.