"Gehien saltzen dudana komiki europarra da"
Egiako Karmengo Amaren kaleko 28. zenbakian ireki zuen Sanchezek (Irun, 1987) Ebla liburu denda, duela urtebete. Komikietan eta rol jokoetan espezializatuta dago, eta jende askok uste duenaren aurka, ez dira frikiak bere bezero bakarrak. Egia, eta Donostia orokorrean, komiki zaleak direla dio Eblaren jabeak, eta azken urteetan merkatu hori «gero eta pluralagoa» izateari esker, adin eta mota guztietako pertsonengana iristea lortu du.
Komiki eta rol jokoak dira denda honetako izarrak. Nolakoa da produktu horien merkatua?
Uste duguna baino pluralagoa, nire ustez. Komikia irakurtzen duen jende heldu asko dago, nahiz eta historikoki beti haurren edo gaztetxoen kontua izan den. Estilo eta genero guztietako komikiak daude, eta, beraz, edozein adinetako jendeak aurki dezake bere gustuko zerbait. Rol jokoei dagokionez, uste dut lehenbizi frikiei loturiko zerbaitekin erlazionatzen ditugula, baina, egia esan, azken 40 urtean rol jokoen esparrua izugarri hedatu da. Nahi baduzu, La espada y brujería eta antzeko roletan ibil zaitezke, baina baita Jane Austenen istorioetan ere, adibidez. Askotarikoa da rol jokoen merkatua, gero eta pluralagoa nire ustez.
Beti izan al zara komiki zalea?
Bai, beti gustatu izan zait komikiak irakurtzea eta rol eta mahai jokoetan aritzea. Unibertsitateko ikasketak hasi nituenean pixka bat utzi behar izan nion horrenbeste komiki irakurtzeari, baina beti bilatzen nuen tarteren bat horretarako. Liburutegian ez bazen, bigarren eskukoak erosten nituen, eta beti jarraitu izan dut bide horretan. Gainera, hemengo liburutegietan aukera handia dago.
Iaz zabaldu zenuen Ebla liburu denda. Nola eman zenuen pausoa?
Hamar urte neramatzan gazteekin lanean: gaztelekuetan eta eskola batean ere aritu nintzen. Beti besteentzat egin izan dut lan, eta pentsatu nuen diru pixka bat aurreztu nuenez, zerbait egin nezakeela. Hasieran, ezer argi eduki gabe lokalak bilatzen hasi nintzen, eta ez nuen ezer aurkitzen. Hala ere, beti neukan buruan horrelako zerbait muntatu nahi nuela. Momentu batean, kontratua amaitu zitzaidan eskolan, eta nahiz eta aukera nuen hurrengo ikasturtean berriz hasteko, sustapeneko bi ikastaro egitea erabaki nuen. Azkenean, nire aurrekontuaren barruan sartzen zen lokal hau aurkitu nuen, eta aurrera jarraitzea pentsatu nuen, bihotzari jarraituz.
Zergatik Ebla izena?
Ebla Siriako Alepo hiritik gertu dagoen antzinako leku baten izena da. Gaur egun arrastoak dauden arren, duela 4.000 urte, Brontze Aroaren amaieran, hiri bat zen, eta hiri horren inguruko lurrak erreinutzat hartzen ziren. Niri asko gustatzen zait Brontze Aroko historia, eta horregatik jarri nion Ebla. Gainera, han topatu zuten ezagutzen den lehenengo liburutegia; ez bere horretan, baina idazkiak zituen lehenengo artxiborik handienetarikoa han topatu zuten.
Egia auzo komiki zalea da? Eta Donostia?
Bai, Donostia bai. Eta Egia ere bai, egia esan. Auzo hau oso proletarioa da, eta beharbada badirudi ez zaiela gai hau interesatzen, baina ez da horrela. Batez ere auzoko liburutegikoari galdetzen badiozu, esango dizu. Manga da maileguan gehien hartzen dutena.
Zer motatako komikiak saltzen dituzu gehien?
Nik gehien saltzen dudana komiki europarra edo pixka bat independenteagoa da, Astiberri eta horrelako argitaletxeek argitaratzen dituztenak. Euskarazko komikia ere ondo saltzen da, nahiz eta euskaraz oso argitaletxe gutxi ditugun: Harriet, Farmazia Beltza eta ikastolei lotutakoa, IkasElkar. Horiek ere ondo saltzen dira, agian auzoaren soziologiarengatik. Eta manga ere ikaragarri saltzen dugu. Beharbada, jendeak pentsatzen du gehiena Spider Man, Marvel eta horrelakoak direla salduenak, baina ez da horrela.
Eta, zuretzat, zein dira onenak?
Onenak ez dakit, baina niri asko gustatzen zait Enki Bilal marrazkilari jugoslaviarra. Komiki europarra egiten du, eta niretzako sekulakoa da: zientzia fikzioa, baina muturrera eramanda. Zoratzeko modukoa da [barrez]. Horrez gain, asko gustatzen zait Jeff Lemireren Black Hammer unibertsoa. Super heroiak dira, baina ez Marveleko super heroi makarra horiek. Guztiz aurkakoa da: ez dira heroikoak, beraien berezitasunak dituzte, batzuek beraien bizitza bikoitza eta hirukoitza bizitzen ari dira, eta omenaldi bat egiten diete super heroiei buruzko komikiei, baina istorioari 360 graduko bira emanda.
Rol jokoak modan daudela uste duzu?
Uste dut modan jartzen ari direla. Gaztelaniaz beti saldu eta editatu izan da pila bat, baina azken bi urtean Euskal Herrian boom txiki bat sortu da euskarazko rol jokoekin. Horrez gain, gaztelaniazko ingurunean, asko lagundu dute The Big Bang Theory eta Stranger Things telesailek egin duten dibulgazio lanak. Stranger Things-en askotan ageri dira umeak rolean aritzen, eta jende asko etorri zaigu dendara esanez haur horiek jolasten diren jokoa nahi dutela.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen barruan, rol jokoen Beldurrola jardunaldiak antolatu dituzue.
Bai, Beldurrezko Astearekin elkarlanean ari gara, eta, urriaren 20 eta 23 bitartean, partidak izango ditugu. Hilaren 20an eta 21ean Egiako kultur etxean izango dira, eta 22an eta 23an Eblan bertan. Hamaika partida antolatu ditugu lau egunetarako, eta, gutxi gorabehera, 70 pertsonak jokatzeko lekua izango da. Partida gehienen gaia beldurra izango da, baina fantasiazko partidak ere izango dira. Izen ematea zabalik dago Rolariak.eus webgunean, doakoa da, eta edozein adineko jendea animatzen dugu parte hartzera.