Hiru milioi kilometro, bakearen alde
Ia bi urte eta erdiren ondoren, Sarek amaitutzat emango du Izan Bidea dinamika, datorren larunbatean, Donostian. "Bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea" jarri zuten helburutzat, eta oraindik gauza batzuk egiteke daudela ohartarazi badute ere, pozik daude lortutakoarekin.
Pandemia bete-betean, 2020ko maiatzaren bukaeran, Sare euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko plataforma herritarrak Izan Bidea dinamika abiatu zuen, erronka handi batekin: Euskal Herriko biztanle adina kilometro egitea, bakearen eta elkarbizitzaren alde. Ia bi urte eta erdi pasatu dira egitasmoa aurkeztu zutenetik, eta, erronka beteta, datorren larunbatean emango dute amaitutzat, urriaren 8an, Donostian egingo duten jardunaldi handi batekin.
Sareko kide Inaxio Oiarzabalek azaldu duenez, “aldarrikapena eta jaia uztartzea” da asmoa: “Duela bi urte pasatxo abiatu genuen erronkari amaiera emango diogu 11:00etan, azken kilometroak Bulebarrean eta modu ikusgarrian eginez. Gero, 12:00etan, manifestazioa egingo dugu, Pio XII.aren plazatik Illunbera, han amaierako ekitaldia egiteko”. Ondoren, Sareko kide Nahikari Iturbek gaineratu duenez, jaialdia hasiko da: “Egun osoko egitarau oparoa prestatu dugu, adin guztietako herritarrentzako emanaldiekin, Illunbe barruan zein kanpoan. Barruan, gehienbat, kontzertuak izango dira. Kanpoan, aldiz, beste gune bat egongo da, irekiagoa: musika emanaldiez gain, bazkaltzeko aukera egongo da, haurrentzako jolasak, Porrotxen emanaldia, eta abar. Urriaren 8a egun polita izatea nahi dugu, aurrerapauso gehiago emateko indarrak hartzeko egun bat”.
Zehazki, kontzertuak eta bestelako emanaldiak 15:30ean hasiko dira, eta honako artista hauek hartuko dute parte: Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Doctor Deseo, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Sua, Andoni Ollokiegi, Trikidantz, Ttek elektrotxaranga, Porrotx, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Hala ere, Oiarzabalek gaineratu du ezustekoren bat edo beste ere izango dela: “Egunak berak hainbat momentu polit izango ditu, hainbat sorpresa barne, egunean bertan bizi beharrekoak”.
Bulebarreko azken kilometroei dagokienez, “koloretsuak” izango direla nabarmendu du Oiarzabalek: “Azken bi urteotan, kilometroak izan ditugu hizpide, presoen eskubideen aldeko aldarrikapena beste modu batean ikusarazteko. Kilometroak modu askotan egin ditugu: oinez, bizikletan, korrika, mendian, igerian eta kolore askorekin. Horregatik, asmoa da urriaren 8ko azken kilometro horiek ere oso koloretsuak izatea, bi urteotan irudikatu dena irudikatuz, parte hartu nahi duen jende guztiarekin”.
Asko eginda, asko egiteke
Izan Bidea dinamikaren emaitzekin «pozik» agertu da Iturbe: “Eragile sindikalak eta politikoak eta, gehienbat, norbanakoak batzea lortu dugu, presoen auziak aterabide bat behar duela ikusten delako. Zentzu horretan, uste dut azken bi urteotan lortu dela kontsentsu bat”. Ildo beretik jo du Oiarzabalek: “Euskal Herriko tontorretara igotzeko egitasmoak, adibidez, gazteengana gehiago gerturatu gaitu. Lortu dugu espetxe politika hain gertutik bizi izan ez duen belaunaldi batek auzia gertuagotik ezagutzea, eta parte hartzeko aukera izan dute”.
Era berean, erakundeek emandako pausoak aitortu dituzte: “Urruneko espetxeak utzi egin ditugu dagoeneko, eta Euskal Herriratze gehienak gauzatu dituzte jada, nahiz eta oraindik zenbait falta diren. Horrela, behintzat, presoen senideek pairatzen zutena leundu egin da”, nabarmendu du Iturbek. “Beste aurrerapauso handi bat izan da espetxeen eskumenak orain Euskal Herrian egotea. Harremana errazagoa da orain, hemengo erakundeek egoera askoz hobeto ezagutzen dutelako, eta unean uneko erantzunak eman ditzaketelako”, gaineratu du Oiarzabalek.
Hala ere, oraindik bidea dago egiteke, Oiarzabalek azaldu duenez: “Badaude salbuespenezko kasu batzuk: badago presoren bat 30 urte daramatzana espetxean, adineko presoak daude, eta abar. Eta, bestalde, oraindik Madrilen daude eskumen batzuk: gaixorik dauden presoen ingurukoak eta Frantziako Estatuan betetako zigorren metaketen ingurukoak, adibidez”.
Etorkizunerako hausnarketak
Izan Bidea dinamika datorren larunbatean amaituko da, baina Sarek hurrengo egunean berrartuko du presoen eskubideen alde lana, Oiarzabalek nabarmendu duenez: “Dinamikari amaiera emango diogu, ondoren etorkizuna nola landu nahi dugun hausnartzeko. Guretzat, fase bat amaituko da preso guztiak Euskal Herriko kartzelatara ekartzen dituztenean; hori da lehentasuna, gaur egun. Hortik aurrera, beste egoera baten aurrean egongo ginateke, eskumenak hemen egongo liratekeelako eta erakundeekin izango genukeen harremana desberdina izango litzatekeelako. Orduan, hausnartu beharko dugu egoera hori nola jendarteratu, hori baita gure lana”.