Kitzin bidezko merkataritzako denda itxiko dute
25 urteko ibilbidea bukatuko du bihar. Bidezko merkataritzako produktuak saltzen hasi zen lehen dendetako bat izan da.
Caritas Gipuzkoaren egitasmoa da Kitzin. Parte Zaharreko Narrika kaleko 28. zenbakian ireki zuten duela 25 urte, bidezko merkataritzaren etiketa oraindik ezezaguna zenean. “Estatuan ireki zen bigarren denda izan den Kitzin”, azaldu du Xabier Jorrinek, Caritas Gipuzkoako Ekonomia Solidarioaren arloko arduradunak. “Holandan 60ko hamarkadan hasi ziren bidezko merkataritzaren aldeko apustua egiten, baina hemen beranduago ezagutu genuen”.
Denda itxi egingo dute; egindako bidea bukatutzat eman du Caritasek. “25 urtez denda bat baino gehiago izan den proiektua izan da. Caritasek bidezko merkataritzaren eredua bultzatzea lortu du hainbat elkarterekin elkarlanean”. Orain, Kitzin itxi ondoren, ekonomia solidarioko beste proiektu batzuk indartzera bideratuko ditu indarrak.
San Bizente elizak utzitako lokalean ireki zuten denda, eta auzoan harrera oso ona izan dutela azaldu du Jorrinek: “Gertuko harremana izan du auzoarekin. Ostalari batzuek hemen erosi dituzte hainbat produktu; Kubako rona eta panela, besteak beste”.
Txokolatea, eztia, gailetak, pasta, kafea, tea… hainbat produktu izan dituzte salgai dendan. Eta dendan bakarrik ez, boluntarioen lanari esker, dendako produktuak kalera atera izan dituzte hainbat azokatan.
Kitzin tzotzil hizkuntzatik hartutako hitz bat da. Anaia txikia esan nahi du, eta Txiapaseko bidezko merkataritzako proiektu baten izena da. Caritasek harreman handia zuen elkartearekin, eta Donostiako dendari izen berbera jartzea pentsatu zuten.
Bihar izango da dendara joan ahal izateko azken eguna. Auzoan herenegun egin zuten itxieraren inguruko ekitaldi sinboliko bat, eta auzoko hainbat eragilek parte hartu zuten: Kresala dantza taldeak eta Gaztelubideko orfeoiak, besteak beste. Bestalde, Bretxako postuetan Kitzinen irudia eta historiaren inguruko testu bat daramaten 600 poltsa banatzen ari dira egunotan: “Balio erantsia duten produktuak baloratzen dituzten bezeroen artean banatu nahi izan ditugu”.