36ko gerrak Intxaurrondon izan zuen eragina aztertzeko ibilbide historikoa egin dute
Plazara Goaz euskara batzordearen ekimenez, Intxaurrondon 1936ko uztailaren 18 eta 28 artean jazotakoa aztertzeko ibilbide historikoa egin dute goizean hogei lagun inguruk. Herri memoria lantzen – 1936ko gerra Intxaurrondon izeneko bisita Josetxo Otegi historialariak gidatu du, eta haren umoreari esker, auzoan izandako gertakari latzak modu eramangarriagoan ikasi ahal izan dituzte bertaratu direnek. Han izan da IRUTXULOKO HITZA ere.
Hitzordua 10:30ean egin dute, Lauaizeta ikastetxearen parean. Otegik mikrofonoa jarri, eta denek adi-adi entzun dituzte bere lehenengo azalpenak. Lehenengo, ibilbideak landu duen une historikoa denboran eta espazioan kokatu ditu. “Ingurura begiratu eta ahaztu ezazue Intxaurrondo hau, ez zelako existitzen. Oso bestelakoa zen, baserriz eta larrez beteta. Guztiz euskalduna. Horrez gain, Intxaurrondo ez zen Donostia, Altza baizik”, azaldu du. 1936ko otsailean kokatu da ondoren, hauteskundeak izan baitziren orduan. “Badakizue Errepublika ez zela beti talde berdinen menpe egon, koalizio errepublikar sozialista hasi zen, gero bi urtez egon zen eskuinaren eskuetan, eta gero berriz fronte popularrak hartu zuen gidaritza. Azken hori fronte zabal bat zen, eta konpartitzen zutena ez zen Errepublikaren proiektua, faxismoaren aurka zeudela baizik”, esan du. Donostian, garai hartan, indar nagusiak honakoak ziren: Ezker errepublikarra, Herreran eta Pasaian; eta Trintxerpeko La union eta Antxoko Federacion de sociedades obreras sindikatuak, biak UGTrengandik hurbil zeuden.
1936ko otsailetik uztailera egin du salto ondoren Otegik, eta Donostia eta Intxaurrondo dardararazi zituen hamar egunen inguruan hitz egin du. “Uztailaren 18tik 28ra bitartean gertatu zena azalduko dugu. 18an Afrikako armada altxatu zela zioen albistea iritsi zen. Gogoratu, garai hartan oso telefono gutxi zeudela, eta irratiak gutxi gorabehera funtzionatzen zuela. Ez zegoen ez Twitterrik eta ezta Facebookik ere, eta bai, posible da bizitza hori [barrez]. Oso gauza gogorrak entzuten ziren, fusilamenduak, Sevillan ere liskar gogorrak, Afrikako armada zela indartsuena… Era berean, Iruñean Mola generala altxatu egin zen, eta gauzak ez zeuden argi. Donostian aurretik konspirazioa eginda zegoen, baina, zorionez, zalantzan egon ziren atera edo ez atera. Jende guztia adi zegoen ea zer gertatuko zen kuartelarekin”, azaldu du.
Bitartean, tiroketak zeuden Donostian han hemenka, eta nahasmena sekulakoa omen zen. Uztailaren 20an, zutabe bat antolatu zen Gasteiz askatzera boluntarioki joateko. Atera bezain pronto, hilaren 21ean, faxistek pentsatu zuten orduan zela Donostiara sartzeko momenturik onena, ondoen armatuta zeudenak joan egin zirelako. “Maria Cristina hotela hartu zuten, gaur egungo udaletxea ere bai, garai batean kasinoa zena, eta nautikoa eta gobernu militarra ere bai. Intxaurrondoko Gabriel Aresti ibilbidea gerra frontea bilakatu zen eta sekulako liskarrak egon ziren hemen”, adierazi du.
Uztailaren 21etik 22rako gauean, soldaduen zutabe bat atera zen kuarteletik, 04:00etan, beste faxistek hartuta zituzten beste eraikinetara iristeko. Larramendi kalean, El Nido taberna dagoen tokian, CNTk bere egoitza zeukan, eta bertan gotortu ziren faxistei “sekulako erresistentzia” eskainiz. “Hiru orduz, militar profesionalen kanoiekin fusilekin eta ametrailadoreekin aritu ziren, eta besteak, ba ahal zutenarekin. Gogo handiz, hori bai”, azaldu du. Faxistek Donostiako toki gehienak zituzten menpean, eta ez zirudien, Fronte Popularrak faxisten aurka irabazteko aukerak zituenik. Gasteizera joan zirenei faxistak sartu zirela abisatu zieten, eta itzultzeko Bilbotik zetorren beste zutabe batekin elkartu ziren. Bi taldetan banatzea erabaki zuten, Donostian zerekin topo egingo zuten jakin gabe, eta talde bat nahigabe Larramendiko anarkisten kontra borrokatzen ari ziren atzeragoardiekin egin zuten topo. “Hori ikusita, korrika alde egin behar izan zuten armamentu astuna bertan utzita”, esan du. Hori gertatu ostean, urruneko zurrumurru bat hasi zen entzuten, gero eta ozenagoa: milizianoak ereserki internazionala abesten ari ziren Aldapetatik jaisten.
Hortik aurrera, tiroketek eta sarraskiek ez zuten etenik izan. Maria Cristina hartuta zuten faxistek hilaren 23an alde egin zuten amore emanda, eta 24tik aurrera militarrei setioa jarri zitzaien. 27an Hondarribiko Guadalupe gotorlekuko kanoi erraldoia ekarri zuten Donostiara, eta lau tiro bota zituzten. “Uztailaren 28ak jaieguna izan beharko luke; izan ere, Donostiako herriak faxismoa garaitu zuen eguna da”, adierazi du Otegik.
Gerra Intxaurrondon
Hasierako kokapen horren ostean, Gabriel Aresti kaleko Udaraberri etxearen ingurura abiatu da bisita. Bertatik oso ondo ikusten da Loiolako koartela eta Gabriel Aresti ibilbidea. Bertan eta inguruko baserrietan izandako borrokak azaldu ditu Otegik. Jarraian, Polloe hilerriko sarrerarantz jarraitu du, Gabriel Aresti kaleko sarrerara hain zuzen ere, inguru baserrietan ere borroka ugari izan baitziren.
Ondoren, Irolako biribilgunera joan dira. Bertan, Ametzagaña mendian izandako pertsona baten ehorzketari buruz hitz egin du Otegik. “Ametzagaina parkean, gaur egun, haurrentzako sare batzuk daude jolasteko. Hortik aurrera jarraituta, gotorlekua egongo litzateke, abandonatua. Testigantza baten arabera, 1936ko uztailan pertsona bat lurperatu zuten bertan. Eusko Jaurlaritzak Aranzadi elkarteari ehorzketa hori ikertzeko eskatu zion, eta testigantzen arabera, uste da horko puntu batean zegoela gorpua. Hala ere, ez zuten ezer aurkitu. Kontua da, Iñaki Egaña historialariak egindako ikerketen arabera, urte batzuk beranduago, gorpu hori atera egin zuten eta beste toki batera eraman. Egañaren arabera, hor egon zen gorpua izan zitekeen Santanderreko guardia zibil batena. Izena ez dakigu, baina bere iniziala bai: C.A.R. Donostian akuartelatua zegoen, baina ez dakigu argi Errepublikaren alde edo kontra borrokatu zen”, adierazi du.
Irolako biribilgunetik Sibilia kalera jarraitu dute, eta ostean, Basotxiki eta Zarategi kaleak elkartzen diren izkinan geratu dira. Bertako Basotxiki baserrikoa zen Luis Irisarri. 1936ko azaroan frankistek atxilotu egin zuten Zubiarreko tabernan, eta hilaren 10ean (uste da) Hernanin edo Oiartzunen fusilatu zuten.
Jarraian, Jose Elosegi alkatearen hiribidera iritsi da taldea, eta bertan, La Asuncion elizan izandako txekaren ingurukoak azaldu ditu Otegik. Txekak errepublikazaleek kontrolatutako espetxe informalak ziren. Bertatik, Txaparrene pasealekura abiatu dira. Bertan, agintari frankistek Altza (Intxaurrondo auzoa barne) Donostiarekin bat egitea erabaki zuten, auzokideei kontsultatu gabe, eta pasealeku horretan egin zen bateratze horren zeremonia sinbolikoa.
Azkenik, ibilbidea amaitzeko, Ategorrietako erlojuaren parera joan dira. Bertan, 1931eko maiatzaren 27an, Errepublika jaio berri zenean, Pasaiatik zetorren arrantzaleen manifestazio baketsu baten aurka sarraskia burutu zuen Guardia Zibilak. Zazpi hildako izan ziren liskar haietan, eta istorio hori 1936ko gerratik pixka bat aldentzen bada ere, Intxaurrondok bizi izan zituen sarraski guztien parte izan zela esan daiteke.