Pentsio publikoen sistema bat bermatzea eskatu dute Adinekoen Nazioarteko Egunean
Adinekoen Nazioarteko Eguna da gaur, eta Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduak eta Gipuzkoako Senideak elkarteak deituta, manifestazioa egin dute gaur eguerdian, Alderdi Ederretik abiatuta. Zaintza publikoa eta duina leloa zeraman pankartaren atzean egin dituzten aldarrikapenen bidez, “adineko pertsonen diskriminazioaren aurkako” kontzientzia zabaldu nahi izan dute alde batetik, eta, bestetik, haiek giza garapenari eta garapen ekonomikoari egiten dioten “ekarpen garrantzitsua” onartu. Halaber, munduko zahartze demografikoari lotutako aukerak eta erronkak azpimarratu dituzte.
Adinekoak “babesgabe” sentitzen direla nabarmendu dute irakurri duten manifestuan. “Ongizate sistema indartsua izatearen garrantzia defendatzen dugu; izan ere, osasungintza onik gabe, egoitza onik gabe, menpekotasunari zerbitzu onik eman gabe, babesgabe gaude, eta, bereziki, adineko pertsonok”, esan dute. Pandemiak eta haren ondorioek gizarte-ongizateko erakunde publiko sendoen garrantziaren inguruan “begiak zabaldu” dizkietela adierazi dute, eta enpresa pribatuak inoiz ez direla ordezkatzeko gai izango. “Alde horretatik, egungo eta etorkizuneko pentsiodunei bizimodu duina bermatuko dien pentsio publikoen sistema bat bermatzea eskatzen dugu”, aldarrikatu dute.
Gaur egun, “ehunka mila” adinekok ezin dute hilabete bukaerara iritsi, alokairua, argia, gasa eta abar ordaindu. Horregatik, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea eskatu dute, hamalau ordainsaritan, inflazioaren arabera eguneratuta, alarguntza-pentsioa %100, eta genero aldea ezabatzea.
Erakundeek beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak dituen osasun publikoa bermatu behar dutela iritzi dute, adinekoengan hain beharrezkoa den osasun-arreta publiko duina bermatzeko. “Hori dela eta, ez ditugu murrizketak onartzen, ez Osakidetzan, ez Osasunbidean. Ildo horretatik, publiko guztiaren defentsa egiten dugu. Pertsona erdigunean jartzea. Horregatik, administrazioei exijitzen diegu, elkarrizketaren eta gizarte eragileen parte hartzearen bidez, zainketa publikoen eredu hurbila, duina eta kalitatezkoa birpentsatzeko eta laguntza soziosanitarioa jasotzeko eskubide unibertsala eta subjektiboa betearazteko baliabide material, ekonomiko eta giza baliabide nahikoak emateko”, adierazi dute.
Azkenik, adineko zaurgarrienei elkartasuna adierazi diete, eta beraien giza eskubideei erantzutea eta bizitza duina beraien bizitzaren amaierara arte bermatzea eskatu dute.