Elena Loyo atletak arabarrak irabazi du Donostiako maratoi erdia
Donostiako maratoi erdia Elena Loyo Basque Teameko atleta arabarrak irabazi zuen atzo. Loyo hasieratik indartsu atera zen arren, Laura Mendezek, Munichen berarekin zilarra lortu zuen selekzioko kideak, probaren zati handi batean lagundu zion. Irene Pelayok ere bai, ibilbidearen erdira arte.
Loyok hasieratik ezarritako erritmo altuari eutsi zion, eta, ondorioz, Pelayo atzean utzi zuen lehenengo; Laura Mendez ere bai, gero, azken kilometroetan. Elena Loyok ordubete, hamahiru minutu eta hamabi segundo behar izan zituen helmugaratzeko, eta Laura Mendez 50 segundora sartu zen helmugara. Irene Pelayo, aldiz, hiru minutu eta 38 segundora.
Gizonezkoen lasterketan Ayad Lamdassemek esperotakoa bete zuen, garaipena erdietsiz ordubete, bi minutu eta 48 segundoko denborarekin. Ondoren, Javi Guerra helmugaratu zen, hamaika segundora, eta gero Fernando Carro, minutu bat eta segundo batera.
Donostiarren artean, berriz, lehenengo gizonezkoa Iker Martinez izan zen, eta ordubete, hamalau minutu eta 53 segundo behar izan zituen helmugaratzeko. Lehenengo emakumea Nerea Egia izan zen, eta ordubete, 24 minutu eta 38 segundotan helmugaratu zen.