Luis Berguak, Juan Berasategik eta Fernando Mikelajauregik jasoko dute Kresala Saria
Kresala Zineklubak ospakizun berezia egingo du hilaren 19an, Antzoki Zaharrean (19:30). Kresala Sariak eman eta Leire Egañak zuzenduriko Kresala Zinekluba, hamaika mundutarako leiho bat dokumentala estreinatuko dute. Gonbidapenak gaurtik eskura daitezke Viktoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
Aurten, Kresala Zineklubak 50 urte bete ditu, eta Kresala Saria “zineklubean eta Gipuzkoako hiriaren zinematografian oso garrantzitsuak diren” hiru pertsonari emango diote: Luis Bergua, Juan Berasategi eta Fernando Mikelajauregi. “Horiei esker, bestela ikusi ezin izango ziren ikus-entzunezko proiektuak ikusi ahal izan dira Donostian, eta, gainera, zinekluba bizirik mantendu dute, belaunaldi berriei beraien ilusioa transmitituz”, azaldu dute.
Dokumentalari dagokionez, Bira Produkzioak eta Kresala Zinekluba bera arduratu dira ekoizpenaz. “Proiektu honek zineklubaren esentzia, historia… jaso nahi du, baita bertan gauden pertsonak eta beti bidelagun ditugun lagunak ere”, nabarmendu dute.