Ramon Maria Liliko eraikin arrazionalistaren historia ezagutzeko bideo mapping bat egin dute
Pablo Zabalo arkitekto donostiarrak diseinatu zuen 1935ean, eta berriki eraikina birgaitu dute. Arkitekturaren Nazioarteko Egunaren harira, ondare eraikia birgaitzeko beharra aldarrikatu nahi du Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak, eta eredutzat hartu du Ramon Maria Lili pasealekuko 8. eta 9. zenbakietan dagoen etxea.

Beste eraikin arrazionalista bat du bizilagun, La Equitativa (1930-1933), baina ziur asko ezezagunagoa da Ramon Maria Lili 8. eta 9. atariak barne hartzen dituena. Etxe honen historia bitxia berreskuratu du Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak, eta eraikinaren gainean proiektatuko du, bideo mapping baten bidez, Pablo Zabalok (Donostia, 1893-1961) diseinatutako etxearen atzera begira moduko bat.
Gaur eta bihar izango dira proiekzioak, 21:00etatik hasita 23:30ak arte. Jada muntatu dute bideo mappinga proiektatzeko dorrea, ibaiaren bestaldean, Maria Cristina hotelaren ondoan, eta hauxe izango da Angel Sandimas artista nafarrak egindako pieza ikusteko lekurik onena. Hiru minutuko pieza sortu du Sandimasek, elkargoak eraikinaren inguruan kontatutako berezitasunetan oinarrituta.
Zergatik aukeratu duten eraikin hau? Aurtengo Arkitekturaren Nazioarteko Egunean ondare eraikiaren birgaitzearen beharra nabarmendu nahi dutelako, arkitektura gozatu eta bizitzeko, eta pertsonen bizitza hobetzeko modua dela sinesten dutelako. Iaz bukatu zuten gaur eta bihar gauean argituko duten eraikinaren birgaitze energetikoa, eta eredutzat hartu du elkargoak. Pablo Zabaloren diseinua errespetatu dute, eta estetika berbera mantendu dute.
Ondare eraikia birgaitzeko beharraz gain, mugimendu modernoaren arkitektura aintzat hartu nahi izan du elkargoak, eta, hain zuzen ere, mugimendu honen parte diren bi eredu nabarmendu ditu aurten. Bata, Donostiakoa, Pablo Zabalorena; eta bestea, Zarauzkoa, Luis Peña Gantxegi eta Juan Manuel de Encio Cortazar arkitekto donostiarren Vista Alegre dorrea. Mugimendu Modernoko arkitektura ondarea hedatzeko Docomomo plaka jarriko dute eraikin horretan gaur.
36ko gerrak 15 urtez eten zuen proiektua
Manuel Maria Intxausti industrialari eta enpresariak egin zuen Ramon Maria Lili pasealekuko eraikina egiteko enkargua. Hasiera batean zine bat egiteko asmoa izan zuen, baina azkenean etxebizitzak egin ziren.
1935ean hasi ziren eraikuntza lanak, baina lanak eten egin behar izan zituzten 36ko gerra dela eta. Zabalok ihes egin behar izan zuen era Txilera joan zen. Arkitektoen elkargoko Fernando Ruiz Lacasa arkitektoak azaldu du Intxausti Schindler moduko bat izan zela, eta hainbat laguni lagundu ziela erbesteratzen nahiz aberriratzen. Besteak beste, Zabalori. Berak ere ihes egin behar izan zuen.
Intxaustik ez zuen beste arkitekto batekin jarraitu nahi izan lanean, eta Zabalo itzuli arte, eraikina egiteko lanak eten egin ziren. Soilik egitura eta hormigoizko itxiturak egin ziren. 1949an itzuli zen Zabalo, eta 1952an lortu zuen eraikina bukatzea. Apaingarririk gabeko eraikin bat egin zuen, geometria indartsuarekin. Elkargoaren ustez, arrazionalismoaren eredu argia da. Egun, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren barruan katalogatuta dago.
Fatxaren goialdean friso bat diseinatu zuen Zabalok, horma irudi bat egiteko, baina arrazoi ekonomikoengatik ez zuten ezer sortzeko aukerarik izan, eta, geroztik, hutsik geratu da. Beste bitxikeria bat: hiru gurutze daude teilatuan. Intxaustik Ipar Euskal Herriko etxe tradizional batean ikusi zituen, eta eraikin honetan ere jarri nahi izan zituen.
Zabalotarrak, arkitektoak eta marrazkilariak
Pablo Zabalak hainbat eraikin egin zituen Donostian: Groseko Kolon pasealekukoak, Ategorrietako Villa Copihue eta Parte Zaharreko Valentzia etxea, besteak beste. Bestalde, Altza eta Donostia anexionatu aurretik, Zabalo Altzako udal arkitektoa izan zen.
Zabaloren anai-arreba batzuen ibilbideak ere ezagunak dira Donostian. Zortzi anai-arrebako etxean jaio ziren, eta familia berekoak dira Jon Zabalo Txiki eta Ignacia Zabalo Nor-Nai marrazkilariak.