'Zenbat biziko gara?' topaketa antolatu du Gizarte Kontseiluak
Donostiako Gizarte Kontseiluak aurrez aurreko topaketak berreskuratuko ditu hilaren 18an. Zenbat biziko gara? Gure bizitza hobetu duten medikuntzaren aurrerapenak lelopean, Tabakalerako Z aretoan egingo dute solasaldia (18:00).
Solaskideak hiru izango dira: Pilar Lekuona (Gipuzkoako Erizainen Elkargo Ofizialeko presidentea eta Gizarte Kontseiluko lehendakariordea), Julio Arrizabalaga (Barne Medikuntzan eta Gaixotasun Infekziosoetan aditua eta Biodonostiako zuzendari zientifiko ohia) eta Itziar Bergara (Biodonostia Institutuko Lehen Mailako Atentzioko taldearen arduraduna eta familia medikua).
Aurrez aurreko lehen saiorako aukeratutako gaia, Gizarte Kontseiluaren lehentasunezko lan ildoetako bat da: adineko pertsonak eta haiei lotutako alderdi guztiak. Eta horien artean, hain zuzen, osasuna da garrantzitsuenetako bat. Kasu honetan, gaia gaixotasunen eta guztiok jasaten dugun endekapen prozesu etengabearen ikuspegitik landu beharrean, medikuntzaren aurrerapen handietan eta ohitura aldaketetan jarriko da fokua, gure bizitza luzatzen eta bizi kalitate hobea eskaintzen lagundu baitigute.
Eneko Goia Donostiako alkateak zabalduko du solasaldia, eta Daniel Zulaika Gizarte Kontseiluko presidenteak egingo du topaketaren aurkezpena.
Topaketara joateko, aretoaren edukiera dela eta, aurretik izena eman behar da helbide honetan.