"Eraikin hori beti egon da bukatu gabe"
1953an bukatu zuten Ramon Maria Liliko eraikina, baina Pablo Zabalo arkitektoak hutsik utzi zuen fatxadaren goialdean dagoen frisoa. Haren seme-alabak izan dira eraikin arrazionalistari buruzko historiaren proiekzio berezian.

Historia bitxia du Ramon Maria Lili pasealekuko 8. eta 9. zenbakiak barne hartzen dituen eraikinak. Eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak fokua jarri du estilo arrazionalista duen etxe honetan, bideo mapping baten bidez. Angel Sandimas artista nafarrak sortutako pieza bat proiektatzen hasi ziren atzo eraikinaren fatxadan. Eraikinaren historiarekin lotura duten hainbat zertzeladarekin osatuta dago.
Proiekzioan izan zen Pablo Zabalo arkitektoaren familia. Han bildu ziren haren bost seme-alaba: Amaia, Lore, Mikel, Belen eta Tere Zabalo. “Oso polita izan da. Hunkigarria izan da guretzat. Gure aitak egindako lanaren aitortza bat ere bada. Espero ez genuen zerbait izan da. Badut arkitektoa den lagun bat, eta haren bidez izan nuen bideo mapping-aren berri”, azaldu dio Irutxuloko Hitza-ri Lore Agirrek. Eraikina birgaitzeko lanak iaz bukatu zituzten, eta lanen arduradunarekin, Fernando R. Lacasarekin izan ziren atzo senideak. Etxebizitzak birgaitzeko egin duen ikerketa lana txalotu du Zabalok: “Uste dugu oso ondo egin duela bere lana. Ematen du ez duela ezer ukitu. Garai batean egindako arkitektura errespetatu du. Gainera, berritu dutenean konturatu naiz oso polita geratu dela. Lehen, tristea iruditzen zitzaidan. Orain, ordea, argitsua da, polita dago”.
Agian oharkabean pasako den detaile bat nabarmendu nahi izan du Lore Zabalok. Bideo mappingean zirriborro bat proiektatzen da eraikinaren goialdean dagoen frisoan. Baina berez, friso hori hutsik egon da beti. Proiektuan frisoan horma irudi bat egitea aurreikusi zuen Zabalok, baina ez zuen egin. Fernando R. Lacasa arkitektoaren arabera, arrazoi ekonomikoengatik izan zen. Oraindik argitu gabeko misterio bat da frisoko horma irudiarena: “Soilik zirriborro bat utzi zuen. Bederatzi pertsonaien figurak ikusten dira, baina ez dakigu arrantzaleak diren ala pertsonaia erlijiosoak diren. Ez da argi geratzen zein izan zen bere asmoa. Agian teilatuan dauden burdinazko gurutzeekin du lotura, baina ez dakigu. Eraikin hori beti egon da bukatu gabe”.
36ko gerrak eten zituen eraikuntza lanak
Manilan (Filipinak) jaiotako Manuel Intxausti promotoreak egin zion Ramon Maria Liliko eraikina egiteko enkargua Pablo Zabalori. Lore Zabalok kontatu du lagunak zirela biak, eta harreman handia zutela. Etxea egiten hasi ziren 1935an, baina 36ko gerra hasi zenean eten egin ziren lanak. Erbestetik itzuli arte ez ziren bukatu lanak: “Itzuli zirenean, gure aitak hasieratik pentsatu zuen ideiarekin jarraitu zuen. Eraikina eskeleto baten moduan geratu zen urte luzez. 30eko hamarkadan egindako diseinua mantendu zuen, eta esango nuke Lezako erietxean egindako eraikinaren diseinu bera duela”. 1948an itzuli ziren Donostiara Zabalotarrak, eta, Intxausti, urtebete geroago. “Biek ihes egin behar izan zuten. Erbestean geundenean bisitan etorri zen gugana Txilera. Intxausti AEBetan egon zen erbesteratuta. Biek Euskadiren inguruan iritzi berberak zituzten. Intxaustiren emazteak Ana Belen izena zuen, eta hura izan zen nire ahizpa Belenen ama pontekoa. Eta horregatik dute izen berbera”.
Zabalo, Donostiako alkateordea
Lorek kontatu du aita politikan zebilela, eta EAJko kide zela: “Politikan sartuta zebilen nazionalista moduan, eta harrapatu nahi zutenez, ihes egin zuen. Udaletxean ibiltzen zen, alkateorde hautatu baitzuten. Garai hartan ez zen ordaintzen lan hura, eta, beraz, berak arkitekto lanarekin jarraitu zuen.
Amaia eta Belen Zabalo, alaba gazteenak, Txilen jaio ziren, erbestean. Tere, Xabier, Mikel eta Lore Donostian jaio ziren. Zabalok kontatu du nola joan ziren Donostiatik 1936an: “Lehendabizi aitak egin zuen ihes, mehatxatuta zegoelako. Amak etxeko espetxe zigorra zuen, eta harekin egon ginen etxean. Aitak Donibane Lohizunera iristea lortu zuen, Uztaritzera. Guk muga pasatzea lortu genuenean elkartu ginen berarekin. Eta baporea hartu genuenean Txilera joan ginen”.
Margolaria eta arkitektoa
Arkitektoa ez ezik, margolaria ere bazen Pablo Zabalo. Pintura asko gorde ditu bere familiak: “Lagun batekin igandero joaten zen inguruko paisaiak margotzera. Natura margotzen zuen gehienbat”. Zabalok uste du eskua zuela margotzeko, eta ikastea gustatu zitzaiola. Jon anaiarekin batera Madrilen arkitektura ikasketak egin zituen. Ordea, Jon Zabalo Txiki gaixotu egin zen, eta ikasketak utzi zituen. Ilustrazioari ekin zion. “Gure aitonak bazituen merkataritza harremanak Ingalaterrarekin. Askotan joaten zen hara gure amonarekin, eta horregatik Manchesterren jaio zen Jon. Haien arreba Ignacia Zabalo ere marrazkilaria izan zen. Lanbidez marrazkilari izandako lehen emakumea izan zen. Donostian jaio zen 1905ean, eta Argia eta Agere aldizkarietan publikatu zituen bere marrazkiak, besteak beste. 1939an bonba batek hil zuen Bartzelonan.