Espainiatik ateratzeko debekua ezarri diote Mikel Albisuri
Mikel Albisu donostiarrak eta Jokin Sagarzazuk Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia Castellon epailearen aurrean deklaratu zuten atzo, hilaren 3an, ETAk 2002an egindako atentatu baten harira. Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek Albisu eta Sagarzazu behin-behinean espetxeratzeko eskatu zuten, baina horri uko egin zion epaileak.
Hala ere, Albisuri Espainiako Estatutik ateratzeko debekua eta hilean behin epaitegietan aurkezteko betebeharra ezarri zizkion. Garcia Castellonek ebatzi zuen ez dagoela aukerarik frogak ezabatzeko edo delitua berriz egiteko, atentatua duela hogei urte egin zelako eta gaur egun ETA ez delako existitzen.
Santa Polan (Herrialde Katalanak) egin zuen ETAk aipatu atentatua, 2002ko abuztuaren 4an, Guardia Zibilaren kuartel baten aurka; gizon bat eta haur bat hil ziren atentatuan. Garai hartan, bi lagun zigortu zituzten atentatuarengatik, baina Auzitegi Nazionalak kasua berrartu du azken hilabeteotan, ETAren beste hainbat atentaturekin egin duen moduan.
Horrela, Albisuz eta Sagarzazuz gain, Jon Olarra eta Ainhoa Mujika donostiarrak eta Iñaki Esparza eta Marixol Iparragirre ere ikertzen ari dira, atentatuaren unean ETAko zuzendaritzako kide zirela argudiatuta; lau horiek espetxean daude gaur egun. Olarra, Mujika eta Iparragirre Zaballako espetxean daude (Araba), eta Esparza Lannemezanen (Okzitania).