Gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta, ikus-entzunezko proiektu bat abiarazi dute Elkarrek eta Jakin-ek
Geruzak izena du egitasmoak; kultura, feminismoa, soziolinguistika eta pentsamendua landuko dituzte. Lehen ikus-entzunezkoaren estreinaldia Donostian egingo dute, hilaren 19an, San Telmo museoan.

Pentsamendu kritiko eta autonomorako espazio bat sortu nahi izan dute, ikus-entzunezko dokumentalen —20-25 minutu ingurukoak— eta material osagarrien laguntzaz, eztabaida eta kultur transmisioa bultzatzeko. Bereziki 16-22 urte bitarteko gazteentzako piezak izango dira edukiak. Interneteko sare sozialetan ere profilak sortu dituzte (Twitter, Instagram, Tiktok eta Youtube), eta dokumentalak Geruzak.eus webgunean estreinatuko dituzte. Aurrenekoa, hilaren 19an, Donostian egingo duten ekitaldi batekin batera.
Taldelanean abiatu eta gauzatutako proiektua da bere osotasunean Geruzak. Jakin Fundazioa eta Elkar argitaletxea lankidetzan dira sustatzaileak, Txakur Gorria kolektiboak jarri dio izena eta logoa, Lander Garrok zuzendu ditu ikus-entzunezkoak eta gazteak dira protagonista. Geruzak proiektuak gazteak hizketan jarriz, gogoeta eta analisi kritikoa bultzatzea ditu helburu, euren errealitate, bizipen eta motibazioetatik abiatuta: “Gazteentzat gazteekin egina”, adierazi dute gaur egitasmoa aurkezteko egin duten prentsaurrekoan. Lehen ikus-entzunezkoaren estreinaldia Donostian egingo dute, hilaren 19an, San Telmo Museoan. Izena eman daiteke hemen.