Jonpa Albisuren omenezko buruhandia egin nahi dute
Parte Zaharreko hainbat bizilagunek kanpaina berezi bat abiatu dute: Jonpa Albisuren omenezko buruhandia sortzearen aldeko kanpaina. Parte Zaharreko eta Donostia osoko herri mugimenduetan oso ezaguna zen Albisu, eta 2019an zendu zen.
Horrela, Facebook sare sozialean Jonpa Buruhandia izeneko profila sortu dute, eta kanpainaren sustatzaileek sare sozialean azaldu dutenez, hurrengo urteko Karmengo jaietarako lortu egin dute buruhandia. Horrela, hilabeteotan Parte Zaharretik ibiliko dira kanpainaren irudiarekin, eta nahi duen orok irudi horrekin argazki bat egin dezake, euro baten truk ( gehiago ere jarri daiteke, noski). Hain zuzen ere, dagoeneko ari dira Facebooken argazkiak argitaratzen.
Albisu Berria-ko erredakzioko idazkaria eta euskaltzalea zen, eta, aurretik, Euskaldunon Egunkaria-n aritu zen. Minbiziak jota zendu zen. Amara Berrin bizi zen arren, Parte Zaharrean egiten zuen bizitza. Euskaltzaletasunari eta herrigintzari lotuta egon zen beti, eta, besteak beste, Parte Zaharreko Arrano Beltza elkarteko sustatzaileetako bat izan zen. 2020ko sansebastianetan, haren omenez egin zuten Ikatz kaleko bandera jaitsiera.