Garberan "janari zaborra" saltzen duten establezimenduek ez dituzte hondakinak gaika biltzen, Eguzkik salatu duenez
Garbera merkataritza gune berrian “janari zaborra” saltzen duten establezimenduek zaborra gaika bildu gabe pilatzen dute gunearen atzealdeko edukiontzietan, Eguzki Erakunde Ekologistak sare sozialetan salatu duenez. “Izugarria da hemen ikusten ari garen espektakulu nazkagarria eta zikina. Sortzen den zabor kopurua izugarria da, eta ia ez da ezer gaika biltzen; dena hemen nahastuta eta metatuta dago”, salatu dute Eguzkikoek.
Gaineratu dutenez, “hori eragiten dute halako merkataritza gune handiek”. Hain zuzen ere, argitaratu duten bideoan edukiontzi guztiak goraino beteta ikusten dira, eta inguru guztia ere poltsaz beteta dago, gaika banatu gabe. Horrela, udalaren, San Markosko Mankomunitatearen eta aipatu establezimenduen “utzikeria” salatu dute.
Garbera atzealdean espektakulo nazkagarri hau egunero ikusi daiteke. "janari azkarra" edo hobeto esanda "janari zaborra" saltzen duten establezimenduek ez dute gero selektiboki jasotzen, Dena nahastuta botatzen dute atzealdean, pilatu arte 1/2 pic.twitter.com/iCXVJ2qrAu
— Eguzki (@EguzkiEH) October 5, 2022