"Afganistanen ez ditugu armak eta militarrak behar, hezkuntza eta ospitaleak baizik"
Nadia Ghulam (Kabul, Afganistan, 1985) aktibista eta giza eskubideen defendatzaileak bere bizitzari buruzko hitzaldi bat eskaini zuen atzo Okendo kultur etxean, Erei Elkartasunerako Elkarteak antolatuta. 8 urte zituela, bonba batek jo zuen bere etxea, eta erredura larriak eragin zizkion. Gertakari hark goitik behera aldatu zuen bere bizitza, izan ere, familia aurrera ateratzeko gizonen antzera jantzi eta portatu behar izan zuen hamar urtez. Gaur egun, Katalunian bizi da, baina oraindik ez diote errefuxiatu izaera onartu.
Zure bizitzari buruzko hitzaldia eskaini duzu Donostian. Zertan jarri duzu arreta?
Afganistaneko emakumeen egoeran sakondu dut, nire bizitza pertsonalean oinarrituta. Izan ere, gerran dagoen herrialde batean emakume batek sufritu ditzakeen bidegabekeria horien guztien adibide bat naiz.
Nolakoa da Afganistanen emakume izatea?
Gaur egun, Afganistango emakumeek beraien eskubide guztiak galdu dituzte eta ez dituzte gizakitzat hartzen. Adibidez, ezin dute aukeratu zein koloretako arropa jantziko duten. Erabateko esklabotza baten modukoa da, emakumeen sentimendu guztiak ezabatzen dituena.
Noiztik ari da hori gertatzen?
50 urtez, gerra garaian bizitako sufrimenduan, Afganistango emakumeek gero eta aukera gutxiago izan dituzte aske izateko. Baina orain, talibanak agintean direlarik, are okerragoa da emakumeen egoera.
Zuk ere ez zenuen haurtzaro erraza izan. Gizonen antzera jantzi eta portatu behar izan zenuen bizirauteko. Zergatik erabaki zenuen hori egitea?
Esan bezala, emakumeek niri herrialdean askatasunik ez dutenez, eta erregimen talibanarekin ezin dutenez lan egin eta bizi, gizon bat banintz bezala jantzi behar izan nuen egoera horretan aurrera egiteko.
Nolakoa izan zen esperientzia hori?
Oso gogorra, inork ez duelako nahi bere identitatea galdu. Nahi ez nuen pertsona bat bilakatu nintzen, baina, beharra dagoenean, pertsonok oso erabaki gogorrak har ditzakegu. Niretzako oso zaila izan da, eta trauma eta zailtasun asko utzi dizkit. Era berean, uste dut oso keinu ausarta dela, eta, gaur egun oraindik horretan pentsatzen dudanean, artea iruditzen zait. Edonork ezin du hamar urtez paper bat antzeztu, eta inork ez antzematea benetan nor den.
Zer izan zen zailena zuretzat garai hartan?
Ni neu ez izatea. Emakume izan ahal ez izatea.
Hamar urtez egon zinen horrela. Nolako ondorioak izan ditu horrek zure bizitzan?
Senitartekoen eta gizartearen bazterketa jasan behar izan nuen, ez zutelako nire eraldaketa onartzen. Beraiek zioten ezin nintzela gizon bilakatu, gure kulturaren aurkako keinu bat zelako. Bestalde, nire bizitza pertsonalean, zailtasun emozional handiak eragin zizkidan.
Babesa eman zizun norbait izan al zenuen ondoan?
Nire ama beti egon da ondoan edozein erabaki hartu izan dudanean.
Esango zenuke, nolabait, merezi izan zuela esperientzia hark?
Nik uste dut baietz, izan ere, keinu horregatik ez balitz, agian gaur ez nengoke hemen, zurekin, elkarrizketa hau egiten edo Donostia ezagutzen. Gainera, milioika emakumeren adibide izatea lortu dut. Esperientzia horregatik ez balitz, gaur egun ez nintzateke erakunde baten liderra izango. 320 emakume gidatzen ditut, hezkuntza eta formakuntza jasotzen ari direnak, oraintxe bertan hezkuntza debekatuta dagoen herrialde batean. Beraiek esaten dute, “Nadiak putzu batetik ateratzea lortu bazuen, guk ere ahal dugu”.
Kabulen dago zure erakundea?
Bai. Ponts per la Pau izena du, eta, euskaraz, bakeagatiko zubiak esan nahi du. Afganistanen emakume gazteak ditut irakasle gisa, eta nik irakatsi diet haiei. Gaur egun, beraiek ari dira beste emakumeei irakasten eta gidari lanak egiten.
Zergatik erabaki zenuen zure historia ‘Nire turbantearen sekretua’ liburuan kontatzea?
Hona iritsi nintzenean, konturatu nintzen erabateko ezjakintasuna nuela. Afganistanen, mundu osoak esaten zuen bertako emakumeek ez zutela iraultzarik egin nahi aurrera egiteko. Eta nik, hemen nengoela, pentsatu nuen erabateko zapalkuntzan bizi ginela. Beraz, nire historia idaztea pentsatu nuen, munduak ikusteko hedabideetan agertzen dena ez dela egia, eta gerrek albo-kalte asko eragiten dituztela gizakion bizitzetan; batez ere, emakumeenetan eta haurrenetan.
Gaur egun, Katalunian bizi zara, errefuxiatu politiko moduan. Ezta?
Duela 16 urte bizi naiz Katalunian, baina ez ninduten errefuxiatu gisa onartu. Bost urtez bizileku eta lan baimenik gabe bizi izan naiz. Gaur egun, bizileku baimena daukat, nazionalitate espainiarra izan gabe. Mundu osoan naiz ezaguna Espainiako Estatuan errefuxiatutako emakume afganistandar modura, baina ofizialki ez didate onartu errefuxiatu izaera, izan ere, Afganistanetik etortzen diren pertsona errefuxiatu guztiek ez dute zorte berbera hona etorri, paperak lortu, eta merezi duten bezala bizitzeko. Horregatik hitzaldiak eskaintzen ditudanean, Afganistango pertsona batzuk etortzen dira ea lagundu diezaiekedan galdetzera. Nik erantzuten diet nik ezin izan diodala nire buruari lagundu, eta ezin diezaiekedala aholkurik eman. Ez da erraza.
Aktibista eta giza eskubideen defendatzailea zara. Zer da, nagusiki, Afganistanen aldatu behar dena emakumeak hobeto bizi daitezen?
Hainbeste militar eta arma egon beharrean, boligrafo eta koaderno gehiago egon beharko lirateke. Hezkuntzarako baliabideak eskaintzea beharrezkoa da. Maitasun eta hezkuntza faltagatik milioika haur hiltzen dira Afganistanen, behar dutena ez daukatelako. Afganistanen ez ditugu armak eta militarrak behar, hezkuntza eta ospitaleak baizik.
Zure herrialdera itzultzearekin amets egiten duzu?
Nire ametsa Afganistanera itzultzea da, bake proiektu batekin.
(Argazkia: Erei Elkartasunerako Elkartea)