Añarbeko urtegian bisita gidatua egingo dute igandean
Añarbeko urtegian egiten diren maniobrak eta instalazioak ezagutzeko aukera izango da urriaren 9an. Gipuzkoako biztanleriaren %44 urez hornitzen du urtegi horrek. Gainera, azpiegitura horiek klima-aldaketaren ondorioei nola aurre egiten dieten azalduko dute, arro hidrografikoa kontserbatuz, ur-hornidurako sistema horien erresilientzia handitzeko. Horrez gain, bertatik bertara gozatu ahal izango da inguratzen duen paisaia ederraz.
Iban Zubeldia Añarbeko Urakeko komunikazio zerbitzuko buruak azaldu duenez, “bisita gidatuetara etortzen direnek erantzun ahal izango diete geure buruari egiten dizkiogun galdera askori, hala nola, presatik zenbat ur ateratzen den une bakoitzean, zer den emari ekologikoa eta zertarako balio duen, urtegiak nola funtzionatzen duen eta uholdeak izateko arriskua dagoenean zer erabaki hartzen diren”.
Goiz osoko jarduera izango da, eta bertara joan ahal izateko autobusa Cristina Enea Fundazioak jarriko du, 10:00etan, Donostiako Renfeko tren-geltokiaren parean dagoen markesinatik. Irteeran parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da, Cristina Enea Fundazioaren webgunearen bitartez (www.cristinaenea.eus).
Bisita gaztelaniaz izango da (irailaren 10ean euskarazkoa egin zen). Irteeraren prezioa 5 eurokoa izango da pertsonako, eta fidantza gisa ordainduko da, plaza guztiak beteko direla bermatzeko. Fidantza hori txangora joaten diren pertsonei itzuliko zaie jarduera amaitutakoan, Donostiako Saretuz sareko dendetan erabiltzeko bonu gisa.