Auzoa Sasoian egitasmoa antolatu dute Loiolako Erriberan, ohitura osasuntsuak sustatzeko
Loiolako Erriberako Auzo Mahaiak antolatuta, Auzoa Sasoian egitasmoa egingo dute datorren astean Loiolako Erriberan, auzokideen artean ohitura osasuntsuak sustatzeko helburuarekin. “Egitarau oparoa eta adin tarte guztietarako eskaintza antolatu dugu”, azaldu dute. Auzo Mahaiak Behemendiren, Cristina Enea fundazioaren, Gipuzkoako odol emaileen elkartearen eta Super Amararen laguntza izan du, egitasmoa antolatzeko.
Hilaren 12tik 14ra egingo dute, jarduera hauekin: 12an, tokiko produktuen azoka egingo dute Maria Zambrano plazan (09:00-14:00), broxetak egiteko haurrentzako ikastaroa egingo dute 12:00etan leku berean, eta Gari zientzialariaren zientzia ikastaroa 12:45ean. 13an, odola emateko jardunaldia egingo dute, 16:30etik 20:30era, Minbiziaren Aurkako Elkartean (izena eman behar da, Gipuzkoa@aecc.es-en). Azkenik, 14an, nutrizionista batekin solasaldia eta afaria egingo dituzte, Zubiberri elkarte gastronomikoan, 20:00etatik 21:30era, 15 euroren truk. Izena eman behar da, Gipuzkoa@aecc.es-en.
Auzo Mahaia
“Loiolako Erriberako Auzo Mahaia elkarte eta entitate ezberdinek elkarlanerako espazio bat sortzeko jaio zen”, Auzo Mahaikoen hitzetan. “Gune horretan, bakoitzaren jardun eremuaz harago, hausnarketak partekatu, proiektuak pentsatu, planifikatu eta gauzatzeko konpromisoa hartu genuen, betiere auzoan izaera komunitarioa garatzeko xedearekin”, gaineratu dute. Udalaren laguntzarekin, 2021ean hasi ziren biltzen, eta eragile hauek osatzen dute: Erribertxo Kultur Elkartea, Ikasbide ikastola, Ikasbide ikastolako Guraso Elkartea, Loiolako Erriberako Auzokideen Elkartea, Minbiziaren aurka Gipuzkoan, M-etxea, Zubiberri Elkarte Gastronomikoa eta Donostiako Udala.
“Helburua auzoko ongizatea hauspotzea da. Horrela, auzokideen bizi kalitatea bultzatu, mantendu edo berreskuratzeko asmoz, auzoko eragileek hainbat jarduera bideratzen ditugu. Ongizateak barne biltzen du bai oinarrizko beharrak asetzea, bai egunerokotasunean bizitzen diren zenbait arlotan hobetzea, esaterako, osasunean, harremanetan, kulturan, kirolean, eta abar”, gehitu dute.