Kontxako baranda berritzeko beste fase bat abiatu dute
Aste honetan hasi dira Kontxako baranda berritzeko 2-B izeneko faseko lanak. Aurreko fasea bukatu zen tokitik Mirakontxara sartzeko semaforo bidegurutzearen arteko tartea hartzen du. “Fase honetan 120 metro inguru berrituko dira, 30 modulu aldatuta. Kostaldeko horma konpontzeko eta farolak eta inguru hartako espaloia berritzeko ere aprobetxatuko da”, azaldu du Hiri Proiektuen zinegotzi Duñike Agirrezabalagak.
Lanak orain hasi dituzte, uda pasatzen utzi nahi izan dutelako. “Obrak sei hilabeteko gauzatze epea du, eta 793.672 euroko aurrekontua. Lanek bizikleta erabiltzaileei eta oinezkoei eragingo diete, Gabonak iritsi bitarte eremua partekatu beharko dutelako. Horrek esan nahi du bizikletatik jaitsi beharko direla erabiltzaileak, eta eskuan eraman, oinezkoei eragozpenik ez sortzeko”, gaineratu du Agirrezabalagak.