Xabi Alonso, Bayer Leverkusenen entrenatzaile izateko kontratua sinatzear
Xabi Alonso, futbolari ohia eta Sanseko entrenatzaile izandakoa, Bayer Leverkuseneko entrenatzaile izango da. Nazioarteko zenbait kirol hedabidek zabaldu dute albistea, eta oraindik ezer sinatu ez badu ere, jakina da Alonsok talde alemaniarrak egindako proposamenari baiezkoa eman diola. Printzipioz, 2024ko ekainera bitarte sinatuko du kontratua, denboraldi honetarako eta hurrengorako. Aurreikuspenen arabera, datozen orduetan argitaratuko dute albistea. Kontratua sinatuz gero, Gerardo Seoane entrenatzailea ordezkatuko luke ibartarrak.
Hiru urteko esperientzia du talde bat zuzentzen Alonsok. Realaren bigarren taldeko entrenatzaile izan zen 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 denboraldietan. 2021ean Bigarren Mailara igotzea lortu zuen, baina iaz taldeak maila galdu zuen, eta Alonsok entrenatzaile izateari utzi zion. Hori baino lehenago, Alemaniako Ligan jokatu zuen Municheko Bayern taldearekin, 2014tik 2017ra arte.