Zortzi talde donostiar hautatu dituzte Girando Por Salas zirkuituan parte hartzeko
Abian da 2023ko Girando Por Salas musika zirkuituko taldeen hautaketa prozesua, eta zortzi talde donostiar daude hautagaien artean. Zehazki, hauek dira taldeak: Ghost Number, Arima Soul, Noa & The Hell Drinkers, Impacto Vudu, Mugan, Olana Liss, Olimpia eta Sin Mala Intencion. Publikoaren bozketa irekita dago, eta, hain zuzen ere, gaurkoa, urriaren 5a, izango da taldeak bozkatzeko azken eguna; zirkuituaren webgunearen bidez eman daiteke botoa, aurretik erregistratuta.
Espainiako Kultur eta Kirol Ministerioaren Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutuak sustatutako zirkuitua da Girando Por Salas, eta gaur egungo musika bultzatzeko eta talde eta musikari berriak ezagutarazteko helburua du, taldeei euren erkidegotik kanpoko aretoetan jotzeko erraztasunak emanez. 2010ean sortu zuten zirkuitua, eta hamarnaka talde eta bakarlarik hartu dute parte urteotan.
Bozketa irekiaren ostean boto gehien dituzten hogei taldeek puntu bat gehiago izango dute, eta zirkuituaren epaimahaiaren bozketa iritsiko da ondoren. Azkenean, 26 talde hautatuko dituzte, Espainiako Estatuko aretoetatik jotzeko. Hain zuzen ere, hilaren 17an emango dute 26 taldeen berri, zirkuituaren webgunean.