Etxebizitza publikoa sortzeko zortzi modu
Europan eraiki diren etxebizitza tipologia berrien ereduak bildu dituzte 'Bizimoduak' erakusketan, Arkitektura Institutuan.
Etxebizitzak eraikitzea bizitzeko espazioak sortzea baino askoz gehiago da. Bizikidetzan, kolektiboan eta garapen bizigarri eta bizietan pentsatu behar da. Hain zuzen ere, behar hauek asetzen dituzten etxebizitza eredu batzuk aurkeztu dituzte gaur Arkitektura Institutuan. Auzoko bizitza bultzatzea, elkarrekintzarako espazioak sortzea edo azpiegiturak berrerabiltzea dira etxebizitza eredu hauen ezaugarri batzuk. Erakusketa martxoaren 5era arte izango da zabalik, eta argazkiek, planoek eta ikus-entzunezko elementuek osatuko dute. Gainera, erakusketarekin lotutako hainbat jarduera egingo dituzte. Besteak beste, Maushausek familientzako lau tailer egingo ditu.
Helburua da erakustea etxebizitza publikoak auzo bati bertute berriak emateko gaitasuna duela: ingurunea dinamizatzeko, kaleari bizitza emateko, barne sareak eraikitzeko, hiri egiturak berrerabiltzeko… Europan eredu diren zortzi proiektu aukeratu dituzte. Argazkien, planoen eta ikus-entzunezko elementuen bidez, zehatz mehatz azaltzen da arkitektoe talde bakoitzak egindako planteamendua, eta baita ere eraiki ondoren izan zuen emaitza. Groningen (Herbehereak), Vienan, Saintes (Frantzia), Selb (Alemania), Sevilla (Espainia), Bilbo eta Basauriko (Bizkaia) ereduak bildu dituzte.
Arkitektura Institutuaren klaustroan maketa handi bat eraikiko da eskala handian, eta hauxe izango da erakusketarekin lotutako tailerrak egiteko espazio nagusia.