Garmendia: "Etorkizunerako hautagaitza berri bat aurkezteko aukera historikoa dugu"
Igandean, hilaren 9an, emango dute botoa Donostiako PSE-EEko militanteek, primarioetara aurkeztu diren bi hautagaitzetako bat hautatzeko: Marisol Garmendia PSE-EEren udal taldeko egungo bozeramailea buru duena edo Odon Elorza alkatea ohia buru duena. Irabazten duena izango da PSE-EEren Donostiako alkategaia, 2023ko maiatzeko udal hauteskundeetan.
Hain zuzen ere, primarioen prozesuaren balorazioa egin du ostegun goizean Garmendiak, Donostiako PSE-EEren egoitzan, ostiralean Elorzak eta Garmendiak berak han egingo duten debatearen atarian; soilik militanteentzako izango da debatea. Prentsaurrekoan, berarekin batera egon dira Ane Oiarbide Eskubide Zibiletako, Berdintasuneko eta Elkartasuneko Donostiako Udaleko zinegotzia eta David de Miguel alderdiko gazte antolakundearen ordezkaria eta Berrobiko (Gipuzkoa) alkatea.
Azaldu duenez, “primarioen prozesu eredugarria” izan dute alderdian, eta, igandetik aurrera, “entzute prozesu bat” abiatuko dute, “ez soilik militantziarena, baita donostiar guztiena ere”. “Igandean etapa bat bukatuko da, baina beste bat hasiko da, Donostiako alkatetza berreskuratzeko aukera emango diguna”, gaineratu du. Era berean, nabarmendu du orain arteko prozesua “oso aberasgarria” izan dela berarentzat, militanteen “ilusioa, energia eta proposamenak” jaso dituelako, “hiri proiektu bat eraikitzeko”.
Horrela, adierazi du bi hautagaitzek “aukera berberak” dituztela igandean: “Aukera berberekin goaz primarioetara, eta irabazten duenak irabazten duela, hori izango da nire hautagaia, inolako baldintzarik gabe. Hori da nire konpromisoa”. Ildo horretatik, militantziarekiko konfiantza adierazi du: “Militantziak ahalik eta hoberen jokatuko du, erantzukizunez, ilusioz eta gogoz, alkatetza berreskuratzeko hautagaitza aukeratzeko. Uste dut etorkizunerako hautagaitza berri bat aurkezteko aukera historikoa dugula”.