"Nik ez dut inoiz neskekin entrenatu, mutilekin entrenatzen nuen"
Coro Fuentes Lopez atleta beteranoak (Iruñea, 1951) Donostian egin du bere kirol ibilbide luzea. 15 urterekin hasi zen lehiatzen, eta 21 urterekin utzi zuen, urte haietan Espainiako hainbat txapelketa irabazita eta errekor asko hautsita. Uliako Gimnastika entrenatzen pasatu ditu azken 30 urteak, eta oso aktibo jarraitzen du.
Atletismoko emakume aitzindarietako bat izan zen, eta berak hautsitako hainbat errekor urte luzez mantendu ditu. Luze eta zabal hitz egin du berarekin IRUTXULOKO HITZA-k, bere ibilbidea errepasatzeko, bere garaian emakume atletek bizi zutena ezagutzeko eta gaur egun zertan dabilen kontatzeko. Elkarrizketa osoa ostiralean irakurri ahalko da webgune honetan eta paperezko astekarian, baina hemen duzue aurrerapen txiki bat:
Hasieratik gustatu zitzaizun atletismoa?
Oso eroso sentitu nintzen hasieratik. Gainera, ikusten nuen atletismoak sari handiak ematen zizkidala: txapelketa haietan parte hartzea, dominak irabaztea eta, batez ere, errekorrak haustea. Horrela, 1969. urtea iritsi zen, eta 400, 800 eta 1.500 metroko probetan irabazle gelditu nintzen, eta errekorrak hautsi nituen.
Bestalde, lehenengo aldiz Europako txapelketarako sailkatzeak ere asko motibatu ninduen, aurrera jarraitzeko. Orduan, Samaranchek [Juan Antonio] esan zidan, ‘Coro, kanporaketak gainditzearekin, nahiko’. Galdetu nion, ‘eta, finalerdietarako sailkatzen banaiz, zer?’. Puma zapatila batzuk oparituko zizkidala esan zidan, garai hartan eskuraezinak baitziren gehienontzat. Finalerdietarako sailkatu nintzen, eta galdetu nion, ‘finalera pasatzen banaiz, zer?’; ‘hitz egingo dugu!’, erantzun zidan. Niretzat, Puma haiek izatea izugarria izan zen, eta Europako txapelketan bosgarren bukatzea ere bai, noski. Batez ere, txapelketa hartan 1,90 metroko altuera zuten alemanak zeudelako; batzuek gizonak ziruditen. Hain zuzen ere, txapelketa hartan proba hormonal bat egin ziguten, eta, ordutik, nik ziur dakit emakumea naizela [barrez]. Ordea, aleman batzuek joan egin behar izan zuten, proban atera ziren emaitzengatik.
Gero, Izmirrera joan nintzen [Turkia], Mediterraneoko Jokoetara. Ordurako, nabaritzen nuen ez nengoela ondo fisikoki. Horrenbeste txapelketatara eta probatara eraman ninduten, erre egin nindutela. Pentsa, txapelketa batzuetan, 400 metroko probako finalerdia eta 800 metroko finala egiten nituen goizean, eta arratsaldean 400 metroko finala eta 200 metroko erreleboetako proba. Izmirrera joan aurretik, besteak beste, Lasarteko Nazioen Krosa egitera bidali ninduten, eta hirugarren gelditu nintzen. Ezustekoa izan zen, ordurako nabaritzen bainuen fisikoki ez nengoela ondo, hankek ez zutela gehiagorako ematen. Horrela, Izmirrera iritsi nintzen, eta egin behar nuen proba hasi zenean, hankak irteeran gelditu zitzaizkidan, ez nintzen gai arrankatzeko. Oso gaizki egon nintzen ondoren, bi hilabete inguru egon nintzen ia ibili ezinik. Orduan utzi nuen atletismoa, moralki ez nengoelako ondo eta ezkontzekotan nenbilelako; burua ez neukan lehian.
Emakume gutxi zeundeten orduan atletismoan?
Gutxi, bai. Nik ez dut inoiz neskekin entrenatu, mutilekin entrenatzen nuen. Eta, taldekideek asko lagundu ninduten; asko hainbat mailatako Espainiako txapeldunak ziren, eta indar handia hartu nuen beraiekin entrenatzen. Gabriel Gonzalez entrenatzaileak nabaritu zuen ahalmena nuela lehiatzeko, eta gogor entrenatzen genuen, Zorroagako eskailerak lastarekin igotzen, eta abar. Egia da krosean Gipuzkoakoak oso onak ginela beti. Talde nazionalarekin entrenatzen nuenean ere, mutilekin entrenatzen nuen, eta asko atzean uzten nituen.
Bitxia da, niri ez zaidalako inoiz gustatu korrika egitea. Ordea, talde nazionalarekin lehiatzen hasi nintzenean, nazioartera bidaiatzen hasi nintzen, hotel onetara joaten ginen, eta abar. Garai hartan, bidaiatzea ez zen gaur egun bezain erraza, beraz, hori ikusita, esaten nuen, ‘zerbait egin behar dut hemen jarraitzeko’. Horregatik, asko entrenatzen nuen, ikusten nuelako gero fruituak ematen zituela. Hogei aldiz biziko banintz, hogei aldiz errepikatuko nuke bizi izandakoa, garai hori izugarria izan zelako, zentzu guztietan. Atletismoa bizitzeko modu bat da, eta hezteko modu bat ere bai.
Entrenatzaile gisa, atletismoaren balioak transmititzen saiatu izan naiz beti, eta oso harro nago horretaz: elkarlana, taldekideak laguntzea, eta abar. Izan ere, helmugara lehenengo iristen dena garrantzitsua da, baina baita 30.a edo 40.a ere, taldekako proban irabazten laguntzen dizuna. Taldea oso garrantzitsua da. Uliako Gimnastikan hasi nintzenean, lehiaketetan, denek alde egiten zuten euren txandaren ostean. Ni iritsi nintzenean, esan nuen, ‘hemen kanpalekua egingo dugu. Denak 08:00etan edo 09:00etan geldituko gara, eta denek lehenengoa eta azkena animatuko dugu’. Kanpaleku horrengatik oso ezagunak izan ginen, eta sintonia handia zegoen taldean, bai gurasoekin eta bai haurrekin. Bestalde, denboraldiaren amaieran bazkari bat egiten genuen, eta hainbat sari banatzen genituen. Ordea, sariak ez ziren lasterketa gehien irabazi zituenarentzat, baizik eta kidetasun handieneko taldekidearentzat, ezer irabazi gabe ere taldean denbora asko zeramanarentzat, eta abar. Eta, beste bazkari bat egiten genuen gurasoekin, azkenean, beraiek ordaintzen zutelako alde batetik bestera joateko bidaien gasolina.
Zer tratu jasotzen zenuten zure garaian emakume atletek?
Garai hartan, asko kostatu zitzaigun aurrera egitea, gauza askotan. Horrela ere, nik uste dut nire taldekide gizonek ez nindutela soilik neska gisa ikusten, taldekide gisa baizik. Ikusten zuten oso lehiakorra nintzela eta beraiek entrenatzen zuten moduan entrenatzeko gai nintzela. Ez nintzen baztertuta sentitu garai hartan, eta entrenatzaile gisa hasi nintzenean ere ez, orduan ere emakume bakarra izanda. Beraz, nik ez dut matxismoa bizi atletismoan, eta taldekideei eskertu behar diet hori; taldekide bat gehiago nintzen.