"Onkologikoaren izaera monografikoaren alde" mobilizatzera deitu dute langileek eta pazienteek
Hilaren 15ean, manifestazioa egingo dute Donostian, Onkologikoko Enpresa Batzordeak eta Pazienteen eta Erabiltzaileen Batzordeak deituta.
Donostiako Onkologikoko Pazienteen era Erabiltzaileen Batzordeak prentsaurrekoa eskaini du ostegun eguerdian, batzordearen berri emateko eta datorren asteburuan egingo duten manifestazioa iragartzeko. Sandra Barkaiztegi Navarrok eta Olatz Mercaderrek hartu dute hitza, eta, lehenik eta behin, deitoratu egin dute prentsaurrekoa kalean egin behar izana: “Onkologikoko auditorioan egin nahi genuen, baina ez digute utzi. Zuzendaritzaren erantzunak harrituta utzi gaitu, dirudienez, ez baitugu dibulgazio lana egiten, eta ez baikara Onkologikoaren parte. Tamalez, ordea, bagara”.
Horrela, sortu berri duten Onkologikoko Pazienteen eta Erabiltzaileen Batzordearen nondik norakoak azaldu dituzte: “Onkologikoan tratamendua jaso dugun pertsona talde bat gara, askotariko pertsonek osatutakoa”. Hain zuzen ere, euren artean oso desberdinak direla nabarmendu dute, baita batzen dituena minbiziaren aurkako tratamendua Onkologikoan jaso izana dela ere; pazienteez gain, paziente batzuen senideak edo laguntzaileak ere badaude batzordean.
Onkologikoko hainbat langilek osatutako enpresa batzordea aspalditik dabil zentroaren eta langileen ziurgabetasun egoera salatzen eta horren aurkako mobilizazioak egiten, eta hain zuzen ere, hori egiaztatu ahal izan dutela azaldu dute Barkaiztegik eta Mercaderrek: “Onkologikoa punta-puntako zentroa zen, non pazienteak modu koordinatuan eta integralean artatzen gintuzten, oso epe laburrean, pazientearekiko oso gertuko tratuarekin; gainera, paziente onkologikoaren behar berezietara egokiturik. Azken urteotan, kezka handiz egiaztatu ahal izan dugu hori aldatzen ari dela: Onkologikoak erreferentziazko zentro izaera galdu du, eta beraz, pazienteak hainbat zentrotara joan beharrean gaude, probak eta ebakuntzak egiteko, eta Onkologiako kontsultetan ohiko batez besteko itxaronaldiak izugarri luzeak dira”. Horren harira, Gipuzkoako paziente onkologikoen “heriotza tasa altuarekin kezkatuta” agertu dira: “Ez gara zientzialariak, eta ez dakigu salatzen ari diren arazoak ote diren hori eragiten dutenak, baina guk zerbitzuaren kalitatean beherakada nabarmena ikusi dugu”.
Hain zuzen ere, horren inguruko adibide pertsonal bat jarri du Mercaderrek: “Nire ama 2012an hil zen, minbiziak jota. Tratamendua jasotzen ari zenean, bere ohiko egun bat honakoa izan zitekeen: 07:30ean Onkologikora etorri, hemen bertan odola atera, eta kontsultara igotzen zenerako, analisiaren emaitzak zituen. Horrela, 45 minutuan kimioterapia tratamendua prestatzen zioten eta jasotzen hasten zen. Orain, odola gure herriko anbulatorioan atera behar dugu, horrek paziente onkologikoontzat eragiten duenarekin; ilerik gabe ikusten zaituztenean zurrumurruak, eta abar. Ondoren, Onkologikora gatoz, eta bi ordu inguru itxaron behar ditugu kontsultara igotzeko. Eta, ondoren, kimioterapia Donostia Ospitalean jasotzeko beste hiru orduz egon gaitezke zain. Bost orduko itxaronaldia gehiegizkoa da paziente onkologiko batentzat eta bere laguntzailearentzat”. Era berean, nabarmendu du hori ez dela langileen errua, “egiturazko arazoa” dela baizik; “Sagarduik, gainera, esan du itxaronaldiak gehiago handitu daitezkeela”, gehitu du.
Urriaren 15ean manifestatuko dira
Prentsaurrekoaren bigarren helburua hurrengo asteburuko manifestazioa iragartzea zen: larunbatean, hilaren 15ean, egingo dute manifestazioa, 12:00etan, Bulebarretik San Telmo museora. Onkologikoko Enpresa Batzordeak eta Pazienteen eta Erabiltzaileen Batzordeak deituta mobilizatuko dira, “hiru helburu argirekin”, nabarmendu dutenez.
Alde batetik, Onkologikoa gutxiegi erabiltzen ari direla salatuko dute: “Lotura hitzarmenetik orainera [2019an abiatu zuten Kutxak eta Eusko Jaurlaritzak Donostiako Onkologikoa osasun sare publikoan integratzeko prozesua], gutxiegi erabiltzen ari da Onkologikoa: ia ez dago jarduera kirurgikorik eta ohe asko erabili gabe daude. Baliabideen gutxiegi erabiltze hori lotsagarria da itxaron zerrenda onartezinak pilatzen dituen osasun egoera batean”.
Bestetik, Eusko Jaurlaritzari eta Kutxa Fundazioari eskatuko diete “Onkologikoaren etorkizuna zehaztu dezatela, beti bereizgarri izan duen izaera monografikoa errespetatuz”. Azkenik, aldarrikatuko dute Onkologikoa Osakidetzan “guztiz” integratzeko: “Artatze eremuaz gain, Onkologikoan jarduera egiten dugunok kontuan hartuko gaituen integrazio organikoa garatu dezatela”.