Silvia Perez Cruz ikusteko hirugarren egun bat izango da Viktoria Eugenian
Silvia Perez Cruzek Viktoria Eugenia Antzokian azaroaren 23an eta 24an emango dituen kontzertuetako sarrerak agortzen ari direnez, Donostia Kulturak hirugarren emanaldi bat antolatzea erabaki du. Kontzertua azaroaren 25ean izango da, arratsaldeko 19:30ean, antzoki berean.
Sarrerak gaur, urriak 6, jarri dira salgai, www.donostiakultura/sarrerak webgunean zein Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.
Bere ibilbide artistikoan, Silvia Perez Cruzek antzezlan eta dantza emanaldietan eskaini du bere musika, fikziozko film eta dokumentaletarako kantak idatzi eta kantatu ditu, eta lehengai gisa erabili izan du poesia bere konposizioetan. Horren adibide dira Alvaro Brechner zuzendariaren Lanoche de 12 años filma, Rocio Molina dantzariarekin egindako Grito pelao emankizuna (2018) edo Josep (Aurel, 2020) animazio film sariturako jatorrizko musika. Halako eta beste arte genero batzuetako esperientzia batzuez baliatuta, Silvia Perez Cruzek Farsa (género imposible) editatu du.
Formatu eszenikoari dagokionez, ez da ohiko kontzertu bat izango, baizik eta sorkuntza lan berri diziplinartekoa. Hainbat dira parte hartzen duten artistak, besteak beste, Elena Cordoba dantzaria; Pablo Messiez dramaturgo, aktore eta poeta; Silvia Delagneau eta Max Glaenzel eszenografoak; Carlos Marquerie pintore, argiztatzaile eta poeta; Juan Casanovas soinu ingeniari eta soinu espazioen sortzailea; edota Cecilia Molanojantzi diseinugilea. Arte arlo desberdinen arteko elkarrizketa berri bat da, azken batean; jarraipen logikoa, abiapuntutzat elkarrizketa horixe izan duen lan diskografiko batentzat.