Tabakalerako instalazio artistiko berri batek landareen eta loreen polenean datu digitalen biltegiratzea aztertzen du
Tabakalerak eta DIPCek (Donostia International Physics Center) sistema bizidunek, polenak kasu honetan, bizitza artistikoarekin elkarreragiteko duten ahalmena aztertzen duen instalazioa aurkeztu dute gaur. Tabakalerak artearen, zientziaren, teknologiaren eta gizartearen aldeko apustua indartu du proiektu honekin.
Grow Your Own Cloud kolektiboak sortua, Steen Rasmussen zientzialariaren laguntzarekin, pieza azaroaren 10era arte dago ikusgai Tabakalerako bigarren solairuan.
Izaki bizidun guztiak, landareak eta zuhaitzak barne, DNAren jarraibideen arabera hazten dira, eta proiektu honek agerian uzten du sistema hori datu digitalak gordetzeko erabil daitekeela. Edozein motatako fitxategi digitalak, irudiak, testuak eta fitxategi musikalak, landare eta zuhaitzen DNAn kodetu daitezke.
Beraien ikerketaren bidez, Grow Your Own Cloud kolektiboko artistek datu digitalen biltegiratze horretarako alternatiba ekologikoagoak aurkitzea planteatzen dute, DNA edo landareak izatea proposatuz. Kasu horretan, gastu energetikoaren eta kutsaduraren ordez, datuen jabeak landareak zaindu beharko lituzke, prozesu iraunkorrago batean lagunduz.
Steen Rasmussen fisikari daniarrak zera pentsatu zuen: “Imajina ezazue etorkizunean zuen bilobak lore bat jasotzen duela etxeko lorategitik, eta lorearen polenean zuen oroitzapenetako batzuk daudela gordeta; bideoak, argazkiak…”.