Victor Lasak eta Miren Etxebestek Ahal Duguren hauteskunde primarioetarako hautagaitzak aurkeztu dituzte
Ahal Duguren hauteskunde primarioetarako hautagaitzak aurkeztu dituzte Miren Etxebestek eta Victor Lasak, “lurralde eta hiri eredua aldatzeko” asmoz. Etxebeste Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaia izango da, eta, Lasa, aldiz, Elkarrekin Donostia koalizioko alkategai gisa aurkeztuko da. Primarioetarako izen-emate prozesua datorren astelehenean, urriaren 10ean, hasiko da, eta urriaren amaieran bukatuko da, sei eguneko bozketa telematikoarekin. Azaroaren 3an baieztatuko da zerrendaburuak nortzuk izango diren. Jakinarazi dute, printzipioz, euren koaliziotik ez dela hautagai gehiago aurkeztuko.
Victor Lasa nazioarteko aholkulari eta analista akademikoa da. Hogei urte baino gehiagoko esperientzia du sektore publikoan, pribatuan eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetan. Donostian paradigma aldaketa sustatzea du helburu, herritarrak “benetako protagonista” bihurtuz garapen ekonomikoa, jasangarritasuna eta eredu turistikoa zer den erabakitzeko orduan. “Nire hirian galtzen ari naizelako eta hiria galtzen ari garelako nago hemen. Donostiarren artean, gero eta sentipen orokorragoa da gure hirian erabakitzen denaren gaineko kontrola galtzen ari garela. Horregatik aurkeztu naiz Ahal Duguren primarioetara, uste baitut tresna bikaina dela hiritarrak protagonista egiteko erabakiak hartzerakoan. Haiek parte-hartze zuzenago bat izatea nahiko nuke”, azaldu du Lasak Donostiako portuan egin duten aurkezpenean.
Hiri eredua aldatzea gero eta beharrezkoagoa dela uste du hautagaiak. “Gauza garrantzitsuegiak ari dira uzten merkatuaren atarian, hala nola, etxebizitzak. Zoritxarrez, horretara ohitu garen arazo bat dela uste dut, eta utzikeria horrekin amaitzeko unea dela pentsatzen dut. Era berean, azken urteetan, argi geratu da horizonte argirik gabeko turismo eredua dugula, eta hiriaren norabidea galdu egin dela. Horren ondorioz, turismoa elementu masibo bat bihurtzeko arriskua dugu”, adierazi du Lasak.
Laburbilduz, Donostia jasangarritasunaren dimentsio guztietan mundu mailako erreferentzia bihurtu dadila proposatzen du: ingurumenean, ekonomian, gizartean eta kulturan. Etxebizitzarako eskubidea errealitate egiten duen hiria izatea nahi du, baita enplegu duina eta dibertsifikatua duena ere. Era berean, osasunak lehentasuna izatea gustatuko litzaioke, eta turismoak hiria “suntsitu” beharrean, Donostia aberasteko bitarteko izatea.
Etxebeste, Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagai
Miren Etxebeste Irungo udal gobernuko kidea da, eta Berdintasun eta Euskara ordezkaritzak ditu bere gain. EHUn lizentziatu zen euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko Itzulpengintza eta Interpretazioan. Administrazio, dibulgazio eta didaktika testuak euskarara itzultzen espezializatu zen, eta baita euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko testuak zuzentzen eta argitaratzen ere. Era berean, hizkuntzen irakasle gisa ere aritu zen, besteak beste.
Bere hautagaitzarekin, lurralde mailako eredu berdinzaleago eta jasangarriago baten aldeko apustua egiten du, menpekotasuna dutenek eta adinekoek jasotzen duten arreta hobetuko duena, udalerrien arteko loturak “indartuko” dituena, eta Gipuzkoako arrakala sozioekonomikoa “ezabatuko” duena. “Aldundiaren bidez Gipuzkoa jasangarriagoa, aurrerakoiagoa, feministagoa eta berdinzaleagoa egin nahi dut, eta etorkizun ekologistago batera begiratzen duena. Herritarrekin elkarlanean aritzea da nire helburua, Irunen egin dudan bezala, adibidez, Emakumeen Etxea sortzeko. Era berean, hirigintza plan garrantzitsuak egiten ari gara, hiritarrentzat eta ingurumenarentzat lagungarriak direnak. Uste dut elkarlanean aritzea dela etorkizun hobeago bat eraikitzeko modua”, nabarmendu du Etxebestek.