100 urtez heziketari lekua egiten
1910etik abandonatuta zegoen Ubako komentu zaharrean inauguratu zuten adin txikikoen erreformatorioa, 1922an. Garaiko hedabideen arabera, modernoa zen, eta urrun zegoen garai hartan leku horien inguruan zeuden aurreiritzietatik.

Loiolako Uba adin txikikoen erreformatorioak 100 urte bete zituen urriaren 1ean. Haren inaugurazioa nahiko modu diskretuan egin bazen ere, garaiko hedabideetan albiste horren berri ematen duten artikuluak topatu daitezke. Ion Urrestarazuk Estibaus webgunean jaso du irekieraren inguruko kronika, La voz de Guipuzcoak argitaratu zuen informazioan oinarrituta.
Artikuluaren arabera, 1922ko egun hartan, “luxu handirik gabe” egin zuten ekitaldia. 12:00etan, hiru autotan iritsi ziren Ametzagainako komentu eraberritura Alfontso XIII.a erregea, Victoria eta Maria Kristina erreginak, eta, haiekin batera, Palatino segizioa: Torrecillako markesak, San Carlosko dukesak, Moctezumako markesak, Castell Rodrigoko markesak eta Rodriguez Pascual erregearen laguntzaileak osatua. Altzako alkateak errege-familiari harrera egin zion, erreginei “lore-sorta ederrak” emanez.
Erregearen borondatez, ez zen hitzaldirik egin, ezta luntxik ere. Errege-erreginek establezimendua osorik bisitatu besterik ez zuten egin, “guztiaz interesatuz eta xehetasun hutsalagoez ere galdetuz”. Amaitu ondoren, erreformatorioaren obra goraipatu zuten.
Ubako komentu zaharrean zegoen erreformatorioa, 1910etik abandonatuta egon zena, mesedetako fraideek zuzendu zuten 1960ra arte. La Voz de Guipuzcoaren arabera, lokal zabal, higieniko eta alaia zen. Gela guztiak oso eguzkitsuak ziren, eta Ametzagaina mendiak babesten zituen iparraldetik.
Egunkariak azaldu zuen zein urrun zegoen lokala erreformatorioei buruz gizartean zeuden aurreiritzietatik. Han ez zegoen sotorik, eta ezta ziegarik ere. Era berean, bertan erabilitako metodoaren modernitatean sakondu zuen hedabideak. Azaldu zuenez, zigorra erabili ordez, damua eta berreziketa morala zituen ardatz metodoak.