"Atletismoa bizitzeko modu bat da, eta hezteko modu bat ere bai"
Coro Fuentes Lopez (Iruñea, 1951) ez da geldirik egoten. Nafarra izatez, gazte-gaztetatik bizi da Donostian, eta hemen egin du bere kirol ibilbidea. 15 urterekin hasi zen atletismoan lehiatzen, iraupen erdiko lasterkari gisa, eta 21 urterekin utzi zuen, Espainiako txapelketa ugari irabazita, hogeitik gora errekor hautsita eta nazioartean lehiatuta. Horrela ere, ez du atletismoa inoiz atzean utzi, eta Uliako Gimnastikako entrenatzaile lanetan pasatu ditu 30 urte. Dagoeneko ez dago lehen lerroan, baina atletismoarekin lotuta jarraitzen du, eta hala jarraituko du.
Ikusten dudanez, oso aktibo jarraitzen duzu, entrenamendu batetik baitzatoz.
Soilik bi talde entrenatzen ditut orain: bat astelehen eta asteazken goizetan, eta, bestea, Behobia-Donostia eta halako herri lasterketak egiten dituzten hainbat lagunek osatutakoa, astelehen eta asteazken gauetan. Horrela, ez dut harremana galdu pistekin, eta, bide batez, nik ere entrenatzen dut. Azkenean, gehien gustatzen zaidanarekin gelditu naiz, lehiarekin loturarik izan gabe.
Duela pare bat urte, Asier Linazasorori eman zenion lekukoa Uliako Gimnastikan, ezta?
Uliako Gimnastikako eskolarekin gelditu zen Asier, eta federatuak beste klubetara joan ziren: nesketan, gehienak Donostiako Atletikora joan dira, Jose Martin Perezekin. Oso laguna izateaz gain, asko gustuko dut bere sistema. Beste batzuk, Ricardo Jimenez entrenatzailearekin joan dira, bera ere oso laguna dut. Azkenean, lagun asko ditut pistetan, gizonekin entrenatzen hasi zen emakume bakarra izan nintzelako.
Bizitasuna ematen dizu entrenatzen jarraitzeak?
Zalantzarik gabe! Beti esan ohi dut niretzat sendagairik onena kirola egitea dela, bereziki 40 urtetik gora dituzunean; prebentziozko sendagairik onena da.
Gainera, horrela, forman egotera behartzen duzu zeure burua.
Bai. Gaztetxoak entrenatzen nituenean, adibidez, entrenamenduaren erritmoa aguantatu behar nuen, beraiekin bat joateko. Aipatzekoa da Uliako Gimnastikako eskolan 5-6 haurrekin hasi nintzela, eta ia 80 ginela duela bi urte.
Goazen zure ibilbidearen hasierara. Nola hasi zinen?
Oso gaztea nintzenean hasi nintzen. Anoeta kirol hiri bat zen lehen, denetarik zegoen hemen: atletismoa, igeriketa, hockeya, eta abar. Igeriketan hasi nintzen, Juanjo Igea entrenatzailearekin. Ordea, halako batean, atletismoko taldean laugarren korrikalari bat behar zen, proba baterako. Juanjok joateko proposatu zidan, besterik gabe, puntuak lortzeko laugarren korrikalaria falta zelako. Horrela, Gipuzkoako txapelketara joan ginen, eta Juanjok esan zidan, ‘zuk jarraitu taldekideak eta kito’. Lasterketa hasi zenean, korrika abiatu nintzen, eta, bat-batean, atzera begiratu, eta ez nuen inor ikusten; ‘nahastu egin naiz’, pentsatu nuen. Baina, ez, helmugara iritsi nintzen eta irabazi egin nuen. Momentu horretan, konturatu nintzen nirea ez zela igeriketa, atletismoa baizik.
Handik, txapelketa eusko-nafarrera eraman ninduten lehenengo, eta Espainiakora ondoren. Horrela, urte horretan bertan, 15 urterekin, Gipuzkoako eta Espainiako txapeldun izan nintzen. Urte gutxiz lehiatu nintzen, baina oso urte biziak izan ziren: 15 urterekin hasi nintzen, eta 21 urterekin utzi nuen, ezkondu nintzelako. Atletismoan hasi eta gutxira, Espainiako atletismoko talde nazionalak deitu zidan, eta orduan hasi nintzen, baita ere, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua ikasten, emakumeentzako lehenengo promozioan. Talde nazionalak ikastetxe nagusi bat zuen Madrilen, eta urte haiek han pasatu nituen.
Garai hartan, hogei aldiz izan nintzen internazionala, eta Europako txapelketa batera joan zen lehenengo emakumea izan nintzen, oraindik gazte mailakoa nintzenean, 17 urterekin. Hainbat errekor ere hautsi nituen urte haietan, eta, gainera, horietako batzuk urte luzez mantendu ditut. 800 metroko probako Gipuzkoako errekorra, adibidez, duela gutxi kendu didate.
Hasieratik gustatu zitzaizun atletismoa?
Oso eroso sentitu nintzen hasieratik. Gainera, ikusten nuen atletismoak sari handiak ematen zizkidala: txapelketa haietan parte hartzea, dominak irabaztea eta, batez ere, errekorrak haustea. Horrela, 1969. urtea iritsi zen, eta 400, 800 eta 1.500 metroko probetan irabazle gelditu nintzen, eta errekorrak hautsi nituen.
Bestalde, lehenengo aldiz Europako txapelketarako sailkatzeak ere asko motibatu ninduen, aurrera jarraitzeko. Orduan, Samaranchek [Juan Antonio] esan zidan, ‘Coro, kanporaketak gainditzearekin, nahiko’. Galdetu nion, ‘eta, finalerdietarako sailkatzen banaiz, zer?’. Puma zapatila batzuk oparituko zizkidala esan zidan, garai hartan eskuraezinak baitziren gehienontzat. Finalerdietarako sailkatu nintzen, eta galdetu nion, ‘finalera pasatzen banaiz, zer?’; ‘hitz egingo dugu!’, erantzun zidan. Niretzat, Puma haiek izatea izugarria izan zen, eta Europako txapelketan bosgarren bukatzea ere bai, noski. Batez ere, txapelketa hartan 1,90 metroko altuera zuten alemanak zeudelako; batzuek gizonak ziruditen. Hain zuzen ere, txapelketa hartan proba hormonal bat egin ziguten, eta, ordutik, nik ziur dakit emakumea naizela [barrez]. Ordea, aleman batzuek joan egin behar izan zuten, proban atera ziren emaitzengatik.
Gero, Izmirrera joan nintzen [Turkia], Mediterraneoko Jokoetara. Ordurako, nabaritzen nuen ez nengoela ondo fisikoki. Horrenbeste txapelketatara eta probatara eraman ninduten, erre egin nindutela. Pentsa, txapelketa batzuetan, 400 metroko probako finalerdia eta 800 metroko finala egiten nituen goizean, eta arratsaldean 400 metroko finala eta 200 metroko erreleboetako proba. Izmirrera joan aurretik, besteak beste, Lasarteko Nazioen Krosa egitera bidali ninduten, eta hirugarren gelditu nintzen. Ezustekoa izan zen, ordurako nabaritzen bainuen fisikoki ez nengoela ondo, hankek ez zutela gehiagorako ematen. Horrela, Izmirrera iritsi nintzen, eta egin behar nuen proba hasi zenean, hankak irteeran gelditu zitzaizkidan, ez nintzen gai arrankatzeko. Oso gaizki egon nintzen ondoren, bi hilabete inguru egon nintzen ia ibili ezinik. Orduan utzi nuen atletismoa, moralki ez nengoelako ondo eta ezkontzekotan nenbilelako; burua ez neukan lehian.
Emakume gutxi zeundeten orduan atletismoan?
Gutxi, bai. Nik ez dut inoiz neskekin entrenatu, mutilekin entrenatzen nuen. Eta, taldekideek asko lagundu ninduten; asko hainbat mailatako Espainiako txapeldunak ziren, eta indar handia hartu nuen beraiekin entrenatzen. Gabriel Gonzalez entrenatzaileak nabaritu zuen ahalmena nuela lehiatzeko, eta gogor entrenatzen genuen, Zorroagako eskailerak lastarekin igotzen, eta abar. Egia da krosean Gipuzkoakoak oso onak ginela beti. Talde nazionalarekin entrenatzen nuenean ere, mutilekin entrenatzen nuen, eta asko atzean uzten nituen.
Bitxia da, niri ez zaidalako inoiz gustatu korrika egitea. Ordea, talde nazionalarekin lehiatzen hasi nintzenean, nazioartera bidaiatzen hasi nintzen, hotel onetara joaten ginen, eta abar. Garai hartan, bidaiatzea ez zen gaur egun bezain erraza, beraz, hori ikusita, esaten nuen, ‘zerbait egin behar dut hemen jarraitzeko’. Horregatik, asko entrenatzen nuen, ikusten nuelako gero fruituak ematen zituela. Hogei aldiz biziko banintz, hogei aldiz errepikatuko nuke bizitakoa, garai hori izugarria izan zelako, zentzu guztietan. Atletismoa bizitzeko modu bat da, eta hezteko modu bat ere bai.
Entrenatzaile gisa, atletismoaren balioak transmititzen saiatu izan naiz beti, eta oso harro nago horretaz: elkarlana, taldekideak laguntzea, eta abar. Izan ere, helmugara lehenengo iristen dena garrantzitsua da, baina baita 30.a edo 40.a ere, taldekako proban irabazten laguntzen dizuna. Taldea oso garrantzitsua da. Uliako Gimnastikan hasi nintzenean, lehiaketetan, denek alde egiten zuten euren txandaren ostean. Ni iritsi nintzenean, esan nuen, ‘hemen kanpalekua egingo dugu. Denak 08:00etan edo 09:00etan geldituko gara, eta denek lehenengoa eta azkena animatuko dugu’. Kanpaleku horrengatik oso ezagunak izan ginen, eta sintonia handia zegoen taldean, bai gurasoekin eta bai haurrekin. Bestalde, denboraldiaren amaieran bazkari bat egiten genuen, eta hainbat sari banatzen genituen. Ordea, sariak ez ziren lasterketa gehien irabazi zituenarentzat, baizik eta kidetasun handieneko taldekidearentzat, ezer irabazi gabe ere taldean denbora asko zeramanarentzat, eta abar. Eta, beste bazkari bat egiten genuen gurasoekin, azkenean, beraiek ordaintzen zutelako alde batetik bestera joateko bidaien gasolina.
Zer tratu jasotzen zenuten zure garaian emakume atletek?
Garai hartan, asko kostatu zitzaigun aurrera egitea, gauza askotan. Horrela ere, nik uste dut nire taldekide gizonek ez nindutela soilik neska gisa ikusten, taldekide gisa baizik. Ikusten zuten oso lehiakorra nintzela eta beraiek entrenatzen zuten moduan entrenatzeko gai nintzela. Ez nintzen baztertuta sentitu garai hartan, eta entrenatzaile gisa hasi nintzenean ere ez, orduan ere emakume bakarra izanda. Beraz, nik ez dut matxismoa bizi atletismoan, eta taldekideei eskertu behar diet hori; taldekide bat gehiago nintzen.
Zuk eta beste hainbat emakume aitzindarik egindako lanari esker, gaur egun erreferenteak dituzte atletismoko neska gazteek.
Oso garrantzitsua da hori. Nire ikasle izan diren hainbat neska monitore gisa dabiltza orain, eta esan izan didate, ‘zenbat erakutsi diguzun, Coro’. Gainera, entrenatzeko orduan oso zorrotza naiz.
Zure palmaresa izugarria da. Zenbat aldiz izan zara Espainiako txapeldun?
Hiru aldiz krosean, bost aldiz aire zabaleko 800 metroko proban, hiru aldiz 1.500 metrokoan eta bi aldiz 400 metrokoan. Horrez gain, Espainiako 25 errekor lortu nituen, kasu askotan, nik egindako errekorrak hautsita. Modalitate askotan lortu nituen errekorrak, baina gehienak 800 metrokoan, hori baita nire gustukoena.
Lorpen horien guztien artean, badago maitasun bereziarekin gogoratzen duzun baten bat?
Vienakoa [Austria], nire lehenengo Europako txapelketakoa: nazioarteko lehenengo esperientzia zen niretzat, 17 urterekin, hiri izugarri batean, bost izarreko hotel batean… Gainera, kanporaketetan, finalerdietan eta finalean Espainiako errekorrak hautsi nituen.
Asko gustatu zitzaidan, baita ere, Helsinkin [Finlandia] jokatutako Europako txapelketa. Hiri olinpikoa basoan zegoen, eta sauna erabiltzeko aukera genuen, adibidez. Luxu bat izan zen. Nuen adinarekin [20 urte inguru], hori guztia bizitzea izugarria zen.
Behin lehia utzita, nolatan eman zenuen entrenatzaile lanetan hasteko pausoa?
Segituan izan nuen gimnasio bat irekitzeko ideia. Lehenengo, Segundo Izpizua kalean ireki nuen gimnasioa, eta gero, Jose Maria Soroa kalean gimnasio handiago bat jarri nuen. 1979tik 1991ra aritu nintzen horretan, eta 400 ikasle izatera iritsi nintzen, inolako publizitaterik egin gabe, ahoz ahokoari esker.
Neskentzako gimnasio bat zen?
Bai, eta sektarioa nintzela esan zidaten garai hartan. Bazeuden gimnasio mistoak, baina emakumeek oso polit joan behar zuten gimnasiora. Horregatik, nik erabaki nuen neskentzako gimnasio bat irekitzea, neskak kirola egitera etor zitezen, nahi zuten moduan, aurpegia margotu beharrik gabe. Orduan ere, denboraldi amaierako bazkariak egiten genuen, eta harmonia handia zegoen gure artean. Era berean, pixkanaka, entrenatzaile gehiago kontratatzen joan nintzen.
Gerora, nire semea Uliako Gimnastikan atletismoa egiten hasi zen, eta klubetik deitu zidaten, entrenatzaile gisa proba egiteko. Eta, orain arte. 30 urte.
Argi dago zuk egindako lanak fruituak eman dituela, gaur egun neska asko baitabiltza atletismoan.
Bai. Gainera, nik ez dut inoiz desberdintasunik egin: denek batera entrenatu dute beti. Eta, oso atleta onak izan ditut: Espainiako txapelketetako finalistak, Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldunak, errekorrak hautsi dituztenak, eta abar. Zorrotza izan naiz beti, baina fruituak eman ditu. Bestalde, orokorrean, nire atletak ikasle, pertsona eta atleta onak izan dira; paketea hirukoa da. Oro har, nik mutil gehiago izan ditut neskak baino, baina izan ditudan neskak oso onak izan dira, mutilekin batera entrenatu dutelako, nik egin nuen moduan.
Carmen Adarraga saria jaso zenuen 2016an. Nola gogoratzen duzu?
Ezin nuen sinistu. Alde batetik, sari hori jaso zuen lehenengoa izan nintzelako, eta, bestetik, emakumeentzako sari bat zelako, Carmen Adarraga kirolari aitzindariaren omenez. Ez nuen uste sari hori jasotzeko moduko horrenbeste gauza egin nituenik, baina oso polita izan zen. Gerora, beste hainbat sari eman dizkidate, eta orain elkarrizketa hau egiten ari gara, beraz, badirudi zerbait egin dudala, bai.
Seme-alabek edo bilobek zure lekukoa hartu dute?
Nire semea hasi zen, baina urte batzuen ondoren, utzi egin zuen. Eta, iloba zaharrena ere hasi zen, krosen bat edo beste irabazi zuen, baina gero utzi egin zuen berak ere.
Laster izango da Behobia-Donostia lasterketa. Egingo duzu?
Ez. Gainera, pare bat aldiz baino ez dut egin. Lehenengo aldian, lagun baten senarrarengatik egin nuen, berarekin batera ateratzeko eskatu zidalako. Hasieran, ezetz esan nion, nik ez nuelako inoiz 4.000 metro baino gehiagoko lasterketarik egin, baina, azkenean, animatu nintzen. Orduan aerobik klaseak ematen nituen nire gimnasioan, eta hori izan zen nire entrenamendu bakarra. Lehenengo urtea ederra izan zen, ez nuelako ibilbidea ezagutzen; lasterketa guztia hitz egiten pasatu nuen. 1:40ko denbora egin genuen, eta ezin nuen sinistu ere egin. Hurrengo urtean, berriz parte hartzera animatu ninduten. Ordea, oso gaizki pasatu nuen, ibilbidea ezagutzen nuelako, eta amaiezina egin zitzaidalako. Ez dut beste inoiz egin.
70 urte baino gehiago dituzu, baina atletismoarekin lotuta jarraitzen duzu. Gelditzeko asmorik duzu?
Orain egiten dudanarekin oso gustura nago, eta epe luzera begirako zerbaiten moduan ikusten dut. Ez dira entrenamendu arinak, ez pentsa, entrenamendu zorrotzak dira, baina oso gustura nago daukagun giroarekin. Gainera, aurten nagi nabilela ikusten dut, eta nagitasun hori gainetik kentzeko balio didate entrenamendu hauek. Are gehiago, entrenamenduen ondoren gimnasioan gelditzen hasiko naiz orain. Horrez gain, bilobak etxera etortzen zaizkit bazkaltzera, beraz, ez naiz geldirik egoten. Gorputzak uzten didan bitartean, hemen jarraituko dut.