Nomofobikak konpainiaren 'Kris eta Krash ile-apaindegia' obrak irabazi du Poltsiko Antzerki Sorkuntza programaren saria
Finalista izan den beste obra Ion Martinez 'Txiki' komikoaren proiektu berria da: 'Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria'.

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko programa da. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 1.500 euroko ekarpena jasoko du eta finalistak, aldiz, 1.200 eurokoa. Gainera, kultur etxeek abenduan zehar espazioak utziko dituzte aukeratutako sormen-proiektuak gauzatzeko. Era berean, 32. Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko estreinaldi eta emanaldien truke 2.500 euro jasoko ditu irabazleak, eta 2.000 euro finalistak.
Nomofobikak konpainiaren obrako aktoreak Amaia Lizarralde eta Asier Olaizola dira, eta Olatz Beobideren kanpo begirada du. Kris eta Krash ile-apaindegian daude, elektrizitatearen erabilera mugatuta dute (lehorgailua, plantxak…) ordaindu behar dituzten faktura altuengatik (argiarena, urarena) eta trikimailuak egitera behartuta daude. Hala ere, bezeroek ez diote joateari utzi, ile-apaintzaileen gomendioei esker beraien arazoak hobetzen baitira.
Euskal Herriko historia kontatuz, umorezko bakarrizketa berri bat egitea izango da Txiki-ren, Ion Martinez Esnaolaren, proiektuaren asmoa. Espazioaren Big Bangetik, lehen kobazuloetako gizakietara; lehen artzainetatik, erromatar garaira; Nafarroako Erresuma,mundu gerrak, gerra zibilak, frankismoa, ETAren hamarkadak… Euskal Herrian izan den azken fenomeno historikora arte: Chill Mafia.