"Buru osasuneko arazoak dituztenek aurre egin behar diote gaixotasunari, eta baita gizarteak jartzen dien etiketari ere"
Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, buru osasunaren inguruko Gipuzkoako hainbat zentrotako 200 kide inguru bildu dira Donostian. Ondarretako pasealekuan elkartu dira, denek kamiseta berbera jantzi dute, eta paseo bat egin dute Benta Berri ingurura, han bazkaldu baitute gero. Argazki erraldoia Zubimusu parkean egin dute. Donostiako Why Not fundazioak antolatu du ekitaldia, eta Ainara Hernando arduradunarekin izan gara.
Zergatik antolatu duzue ekimen hau?
Gaur Buru Osasunaren Munduko Eguna da, eta hori aitzakiatzat hartuta, pixka bat zarata egitea eta buru osasunari ikusgarritasuna ematea gustatzen zaigu.
Buru osasunaren gaia gizartean oraindik tabu bat dela uste duzue?
Bai, oraindik asko dago egiteko. Why Not fundazioak hamabi urte daramatza lanean, eta denbora horretan nahiko aldaketa handia antzeman dugu: gehiago hitz egiten da, eta jendeak gero eta beldur gutxiago du kontatzeko buru osasuneko arazo bat daukala, baina oraindik asko dago egiteko. Azken finean, oso isilpean mantendu den gai bat izan da, eta hori buru osasuneko arazoren bat duten pertsonentzat oso gogorra da. Izan ere, aurre egin behar diote gaixotasunari, eta baita gizarteak jartzen dien etiketari ere. Lana bikoitza da.
Nolako lana egiten duzue Why Not fundazioan?
Aisialdiko jarduerak egiten ditugu: antzerki tailerrak, hizkuntzen tailerrak, zinema, irakurketa kluba eta dantza, besteak beste. Helburua denbora betetzea da. Normalean, oso gaztetatik lan egiten ez duen jendea etortzen da guregana, eta egunak ordu asko dauzka. Isolamendu handia bizi izan duen jendea da orokorrean, eta baita gertuko jendearen gaitzespena ere. Bakarrik sentitzen dira eta gizarteratzeko beldurra dute, jendeak ez diela ulertuko edo gaizki begiratuko diela pentsatzen dutelako. Horrelako jendea etxean gelditzen da, eta etxetik ospitale psikiatriko batera joaten dira berriz. Hortik ateratzen direnean ez dute zereginik, lagunik ere ez, eta berriro etxean geratzen dira. Gu jendea gurpil horretatik ateratzen saiatzen gara, eta gertatzen zaiena partekatu dezaten leku bat eskaintzen. Fundazioan beraientzako espazio seguru bat sortzen da.
Zenbat jende dago Why Not fundazioan?
Zentroa eta irrati ibiltaria ditugu. Irratiarekin zentro desberdinetara joaten gara, San Joan de Dios ospitalera, Usurbilgo sanategira, eguneko zentro desberdinetara… Beraz, aste batean, zentroan ditugun tailerrekin eta irratiarekin, gutxi gorabehera 150 pertsona inguru elkartzen dira gure zentroan.
Hau guztia normalizatzeko zer baliabide behar dira gizartean?
Uste dut hezkuntza behar dela. Asko hitz egin behar da gaiaren inguruan, gaia plazaratu behar da, eta hezkuntza aldetik, zenbat eta lehenago normalizatu emozioen mundua, hobe.
Gaur elkarte desberdinetako 200 pertsona inguru bildu zarete Donostian. Zer plan duzue gaurko?
Paseotxo bat egin dugu Ondarreta hondartzatik Zubimusu parkeraino, eta beti familia argazki handi bat egiten dugu. Aurten Zubimusun izatea erabaki dugu, eta, gero, beste paseo txiki bat egingo dugu Benta Berri auzoan bazkaltzera joateko.
Parte hartzaileak pozik egongo direla pentsatzen dut.
Bai, oso pozik. Ospitale psikiatrikoetan elkar ezagututako jendea elkartzen da, jada bakoitzak bere bidea egin duena. Egun honek berriro elkartzeko aukera ematen die, eta gustura egoten dira elkarrekin.