Atano III.a pilotalekuan jokatuko da Hiru Hiriburuak torneoaren finala
Igandean, hilaren 16an, emakumezkoen Hiru Hiriburuak txapelketa berritzailearen lehen finalak jokatuko dira Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Olatz Arrizabalaga-Andrea Capellan eta Amaia Aldai-Nora Mendizabal bikoteen arteko elite mailako finala izango da esanguratsuena. 12:00etan jokatuko da, eta ETB1-ek eskainiko du.
Antolatzaileen arabera, erakundeek emakumeen pilotaren alde egindako apustuak oso emaitza onak eman ditu Gasteizen eta Bilbon jokaturiko jardunaldietan. Hori bera errepikatu nahi dute Donostian jokatuko diren finalekin. “Jokatutako partidetan goi mailako kirolari hauek eskainitako maila izugarria izan da eta horrek are handiagoa egin du txapelketa hau”, nabarmendu dute.
Pilota festa ez da eguerdira mugatuko. Arratsaldean, gainerako mailetako finalak jokatuko dira Atano III.a pilotalekuan (16:00). Pilota goxuaren nagusien mailan, Nagore Aramendi-Leire Etxaniz eta Ania Oronoz-Oneka Bereau ariko dira parez pare. Pilota mistoaren gazte mailan, berriz, Nagore Galeano-Leire Galeano eta Ainhoa Romero-Enara Anitua bikoteak elkarren aurka jokatuko dute. Azkenik, pilota goxuaren gazte mailan, Jaione Elorza-Alba Monge eta Uxue Gomez-Iria Madariaga ariko dira aurrez aurre.