"Elikadura osasuntsuaren eta jasangarriaren inguruko hausnarketa sustatu nahi dugu"
Loiolako Erriberako hainbat eragilek Auzo Mahaia sortu dute udaleko Herri Partaidetza sailarekin, eta aste honetan antolatu dute Auzo Mahaiaren lehenengo egitasmoa: Auzoa Sasoian. Nagusiki, Erribertxo Kultur Elkarteak eta Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak antolatu dute, baina Auzo Mahaiko beste eragile batzuek ere parte hartu dute; Erribertxo Kultur Elkartea, Ikasbide ikastola, Ikasbide ikastolako Guraso Elkartea, Loiolako Erriberako Auzokideen Elkartea, Minbiziaren aurka Gipuzkoan, M-etxea, Zubiberri Elkarte Gastronomikoa eta Donostiako Udala daude Auzo Mahaian.
Bihar, hilaren 12an, hasiko dira Auzoa Sasoian egitasmoko jarduerak, tokiko eta garaiko produktuen azoka batekin (09:00-14:00, Maria Zambrano plazan): “Bultzatu nahi dugu tokiko eta garaiko produktuak erostea, gure elikadura jasangarria izan dadin. Era berean, elikadura osasuntsuaren eta jasangarriaren inguruko hausnarketa bat sustatu nahi dugu. Horren harira, azokaz gain, haurrentzako ikastaro batzuk ere egingo ditugu, frutarekin eta barazkiekin. Eta, bermutaren orduarentzako alternatiba osasuntsu bat ere eskainiko dugu, alkoholik gabe, haurrentzat eta familientzat. Familien mugimendua sortu nahi dugulako auzoan”, azaldu du Maider Sierrak, Minbiziaren Aurkako Elkarteko Prebentzio arloko arduradunak. Ikastaroetan, broxeta gazi-gozoak egingo dituzte haurrek eta familiek, Sierraren gidaritzapean. Era berean, 12:00etan Gari zientzialariaren hitzaldia izango dute, Cristina Enea Fundazioarekin elkarlanean. “Horrez gain, Ekolurrak elikagai ekologikoen erakusketa bat utzi digu, eta hori ere ikusgai izango dugu”, gaineratu du elkarteko langile Ainara Balerdik.
Ostegunean, Odol Emaileen Elkartearekin elkarlanean, odola emateko aukera eskainiko dute Minbiziaren Aurkako Elkartean, arratsaldean (16:30-20:30). Odola emateko, izena eman behar da, Gipuzkoa@aecc.es helbidera idatzita. Ostiralean bukatuko da Auzoa Sasoian, Zubiberri elkarte gastronomikoan egingo duten herri afari osasuntsuarekin (Gipuzkoa@aecc.es-en izena eman behar da, eta 15 euro ordaindu behar dira). “Egitasmoarekin bat joango da afaria ere, eta, adibidez, ez da alkoholik egongo, menua tokiko eta garaiko produktuekin osatuko dugu , eta nutrizionista baten oniritziarekin. Posible da goxo jatea, gustura egotea, alkoholik edan gabe eta izugarrizko oturuntza egin gabe”, nabarmendu du Balerdik.